Sebastien Gonzalezek partida nahasia irabazi du Xalaren aurka, eta finalerdietarako sailkatu da
Imanol Magro / Berria
Komunistak Legebiltzarrera itzuli diren bezala, anarkia pilotalekuetara heldu da. Gonzalezek eta Xalak azken urteetako partidarik arraroena jokatu zuten atzo. Zaila da esaten partida ona edo txarra izan zen. Garbizaleek partida oso txarra izan zela esango dute. Arizbataldeko ikusleek, berriz, oso ona izan zela eta izugarri gozatu zutela kontatu zieten lagunei. Denak, baina, bat etorri ziren ez zela emoziorik falta izan azpimarratzean.
Panpi Ladutxek sakeak berebiziko garrantzia izango zuela, eta indar fisikoaren eta teknikaren arteko lehia izango zela aurreratu zuen. Bete-betean asmatu zuen bere analisian, jokoaren bilakaera ahaztu bazuen ere. Atzoko partidan pilotazaleak harri eta zur gelditu ziren. Partida guztiz erotu zen. Sakeak zabalera, erdira eta bazterrera. Jokoan boleak, aireko jokoa, ika-mika atxikiekin, ika-mika kanpora botarikoekin, dejadak txapapera… Denetarik, buruz buruko bote joko klasikoa izan ezik. Joko anarkikoa eta emozioa bat eginda.Xalak lehen sakea zabalera egin bazuen ere, bigarrena hormara baztertu zuen. Pilota mugituz ondo hasi zen (0-4). Gonzalez lasaitu zenean, errestoa ondo sartzea lortu zuen. Ezker bolearekin piloteoan aginduz eta aurrean arriskatuz, tartea murriztu zuen (5-6). Tanto horretan Xalak orkatila bihurritu zuen. Lekuinekoak ia ordu laurden egin zuen aldagelan, eta herrenka bueltatu zen. Itxaronaldiak Gonzalez urduritu zuen. Hortik aurrerakoek ez zuten pilota jokoaren antzik izan.
Kantxara itzuli zenean, Xala tantoak ahalik eta azkarren egiten saiatu zen. Tankera guztiko sakeak egin zituen. Zabalera sakatuz pilota telebista kameretara bidali zuen. Erdira sakatuz atzeko horma bilatu zuen. Gonzalezek bitartean mota guztietako errestoak egin zituen. Airez, eskuinez, ezkerrez eta baita bote lasterrean ere! Xalak, herrenka jokatuz, errestoak erremateekin erantzun zituen. Gonzalez erotu eta tartea ireki zuen (7-14). Azkaindarrak ez zuen Xalaren herrena baliatzen jakin izan, eta partida gehiegi zaildu zitzaion. Halere, burua hoztea lortu zuen eta sakea berreskuratu zuenean luzeago jokatzea erabaki zuen. Piloteo luzeek fruitua eman zioten eta partida berdindu zuen (19-19). Gonzalezek bolada gozo horretan eginiko huts inozoek Xala bizirik mantendu zuten.Azken tantoek partidako gidoi bera izan zuten. Gonzalez saketik aurreratu zen. Txapazpira botariko boleak, baina, partida berdindu zuen, (20-20). Sake errestoa baliatuz, Xala boleaz aurreratu zen. Hurrengoan, dejada txar batek Gonzalezen pilotakada luzea erraztu zuen (21-21). Azken tantoan pilotariak besarkatu egin ziren. Lagunen arteko besarkada. Gonzalezek pilota baztertuz egin zuen hondar tantoa.
GONZALEZ 22
XALA 21
Iraupena: 90 minutu.
Pilotakadak: 360.Saketik: Gonzalezek 3; Xalak 3.Markagailua: 0-4, 1-4, 1-6, 6-6, 7-6, 7-7, 7-14, 10-14, 10-15, 11-15, 11-19, 19-19, 20-19, 20-20, 20-21, 21-21 eta 22-21.
Bestelakoak: Eskuz Banakako Txapelketako final-laurdenetako partida. Zarauzko Arizbatalde pilotalekuak sarrera ona eduki zuen. Apustuetako diru Xalaren alde irten zen 100-60ri.