Gordina

Enekoitz Telleria / Berria
Izaten dira partidak nekez ahazten direnak. Jokoarengatik batzuetan, giroarengatik bestetan eta konpainiarengatik askotan. Izaten dira partidak gustuko elementu guztiak biltzen dituztenak: jokoa, giroa eta konpainia. Horiek, ez dira sekula ahazten. Eta herenegun Atano III.ean ikusi eta bizitakoa ez dugu sekula ahaztuko. Ez dugu ahaztuko kazetarion harridura aurpegia, gutxitan errepikatuko den zerbaiten lekuko izan ginenaren sentsazioa, Urumea ibaiaren bazterretik eguzkiaren epeletan egindako ibilaldia. Hiriaren punta batetik bestera egindako bidaia ez zaigulako sekula horren laburra egin, mintzagai bat eta bakarra geneukalako: pilota. Zaila delako ordubeteko jardunean pilota jokoaren oinarriei buruz horrenbeste irakasgai jasotzea. Zaila askorentzat buruz burukoaren arau ezkutuak eta jokamoldeak aldatu direla onartzea. Zaila askorentzat autokritika egitea, eta Xala eta Gonzalezentzat eztenak zirenak euren joko anarkiko eta itxuraz aldrebesarengatik Irujo txapeldunarentzat lore bihurtzea.Bihurtuko ez dira ba lore! Eskuz banakako aurtengo txapelketako pilotari osoenaren eta erregularrenaren kontra aritu, ezker gantxoz, sotamanoz eta boleaz partidari defentsan (?) eutsi, 15-20 atzetik joan, partidari buelta eman, eskuinez ematen hasi behar zuenean hasi, kontrarioari enbarazu egin behar bazaio egin, 21nakoan sakeari sotamanoz erantzunÉ irabazi. Hori du Irujok. Irabazle sena. Gosea. Ruiz kontrarioak partida bukatu ostean esan zuen bezala: «Nik serio jokatu dut, baina berak aurpegia dauka. Aurpegia behar baita 21na joan eta sake-errestoa airez egiteko». Deitu aurpegia, deitu kasta, deitu sena, baina Irujok irabazi egin ditu profesionaletan jokatu dituen buruz buruko partida guztiak.Haren jokoari esker, ez gaitu jada ezerk harritzen frontoian. Albiste ona da hori askorentzat, eta txarra beste apur batzuentzat. Pilotaren puristentzat. Jada atzera gelditu den jokamolde baten alde egiten saiatzen diren burugogorrentzat ez da nonbait jokaera onargarria sakeak airez errestatzea, ezker gantxoz zazpi koadrotik sartzea, sotamanoaz «abusatzea». Nahiz eta airez errestatutako sakea berriro zortzi koadroan jarri, zazpi koadrotik hartutako gantxoa txapagainean tanto bihurtu, edo sotamanoa gehiegi erabiltzearen poderioz finalak irabazi. Garai hartako pilotariak eta oraingoak, garai hartako pilotak eta oraingoakÉ Irtenbide jakinik gabeko eztabaidetan sartzea da hori. Hobeto garai hartako eta oraingo jarrerez hitz egitea, garai hartako gabeziak eta oraingoak hein berean kritikatzea, eta garai hartako lorpenak eta oraingoak trukatzea. Belaunaldi berria, gazteak ate joka, garai berriakÉ Ezagunak egiten zaizkio hitzok norbaiti?Egia da, hori bai, ez dela erraza Iberokoaren jardunarentzat hitz bakarra topatzea. Ez frontoi barruan duenarentzat eta ezta frontoitik kanpora duenarentzat ere, baina baten bila hasita, gordina litzateke hitz egokiena. Hiztegiak baditu sei esanahi hitz horrentzat, Irujo txapeldunaren kasuan erabat erabilgarriak direnak:

1. Janariez mintzatuz, egosi edo erre ez dena. 24 urte alegia, eta sekulako freskotasuna.

2. Fruituez, zaldarrez, etab.ez mintzatuz, heldu gabea. Askotan sumatzen zaio heldutasun falta. Izaten ditu ume txiki petralduaren erreakzioak oraindik.

3. Materialez mintzatuz, landu gabea. Gabezia beharrean aberastasuna da hori. Oraindik zer eman asko duela, alegia.

4. Pertsonez mintzatuz, sasoi onekoa, zahartzaroaren seinalerik ez duena. Hasierako gorputz ihar eta argala, pilotarako makina bihurtuta orain.

5. Edergarririk edo leungarririk gabea, gogorra, zakarra. Askotan, gehiegitan. Pentsatzen duena esatearen alde onak eta txarrak.

6. Ontzat hartzen ez diren gai edo esapideak dituena. Igandeko partidaren ostean esandakoei erreparatu besterik ez dago. «Barregarri aritu naiz, indioarena egin dut», «faringitisa eta otitisa izan ditut, baina biktimarena egitea beste batzuentzat uzten dut», «nire buruari gehiegi eutsi diot», «ez dut uste Ruizek asko jokatu duenik», «lau final bi urte baino gutxiagoan, afizionatu mailan ere sinatuko nuen», «zuek nahi zenuten finala daukazue», «egin dudan partidarekin zera falta bakarrik, ni izatea faborito finala irabazteko».Esandakoa, gordina.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE