Federazioarekin akordiorik lortu ez denez, ofizialaren lekua hartuko du lehiaketa honek
Gara
Binakako Txapelketa astelehenean jarriko da abian Donibane Garazin. Aurten ez da Frantziako Txapelketa izango, Federazioak ez baitu zerikusirik izango lehiaketa honekin, sortu berri den EPB enpresak antolatuko baitu lehiaketa hau.
Gaur egun profesionaletan dauden hogei pilotariek EPBrekin dute kontratua, eta guztiak arituko dira Txapelketa honetan, beraz, hamar biko neurtuko dira, eta EPB Elite Pro Binakako Txapelketa izena hartuko du, baina izenak zerikusi gutxi izango du, azken batean, Binakako Txapelketa normal bat izango baita, nahiz eta oraingoan Federazioa ez duen atzetik izango, EPB eta Frantziako Federazioaren arteko harremanak erabat itsusituta baitaude.
Ez zekiten non jokatuko ziren partidak, Federazioa presioa egiten ari baita EPBri trinketeak ez uzteko, Federazioak berak esan zuen bezalaxe. Garbi zegoen Donibane Garaziko trinketean izango zirela partidak, bertako arduraduna eta Federazioa ez baitira oso ongi konpontzen, eta horren eredu izan zen Banakako Txapelketa, Nafarroa Behereko hiriburuan ez baitzen partidarik jokatu.
Bertan jokatuko dira partida gehienak, hasiera eta amaiera bertan izango baita. Horiez gain, Larrainen, Baigorrin, saran eta Donapaleun ere jokatuko dira partidak. Beraz, Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan jokatuko dira partidak.
Biko orekatuak
Bikoak, berriz, honako hauek izango dira:Etxeberri-Biscouby, Larretxea-Ozafrain, Sorhuet-Etxeto, Aranburu-J.C.Dermit, Ibarrola-Ezkurra II.a, Karrikart-Maite, Muskarditz-Kurutxari, Duhau-Istillarte, Ezkurra I.a-R.Dermit eta Idiart-Errekart arituko dira lehiaketa honetan.
Jean Michel Idiart eta EPBko gainerako kideak ere ahalegindu dira bikoak ahalik eta orekatuenak egiten, eta azkenean hori lortu dutela dirudi. Hori bai, faboritoak aipatzerakoan, bi nabarmentzen dira beste guztien gainetik: Muskarditz-Kurutxari eta Larretxea-Ozafrain.
Lehen bikoan, Muskarditzek uko egin zion Bakarkakoari, eskuak ongi ez zituelako, eta osatu denean, buruz eta gogoz prestatu du Txapelketa. Kurutxarik, aldiz, lehen urtea du maila nagusian, baina sekulako urtea darama. Udan lehiaketa bat baino gehiago bereganatu zituen, eta Bakarkakoan finalean sartu zen. Beste bikoak ere ez du aurkezpenik behar. Larretxea aurrelaririk onenetakoa da, eta binaka, gainera, bakarka baino hobeto moldatzen den pilotaria da. Ozafrainek, berriz, Bakarkako txapela jantzi berri du, eta azkenaldian sasoiko dagoela erakutsi du.
Horiez gain, badaude beste biko oso arriskutsuak ere. Sorhuet-Etxeto eta Ibarrola-Ezkurra II.a ere faboritoen artean hartu beharko dira. Azken biko hori, gainera, oso arriskutsua izan daiteke, beraz, oso tentuz ibili beharko dute Ibarrolarekin. Aurrelari honek sekulako mina egiten du botearekin, eta gaur egun aurrean sasoirik handiena duen pilotaria da.
Atzean Paxkal Ezkurra gaztea izango du. Urruñakoak ez du iaz zuen sasoi puntu hura, baina atzelaririk handienetakoa izaten jarraitzen du.
Lau biko horiek besteen gainetik nabarmentzen baldin badira ere, besteak ere kontuan hartu beharko dira, beti izaten baitira ezusteak. Lehiaketa datorren astelehenean hasiko da Donibane Garaziko Garat trinketean, eta amaiera ere leku berean izango du maiatzaren 15ean. Txapelketak kanporaketa batera jokatuko dira, finalerdiak izan ezik. Hor bi edo hiru partida jokatuko dira.
Federazioak hainbat torneo antolatuko ditu
Federazioak, berriz, lanean jarraitu nahi du, eta hamabost torneorekin zirkuito bat antolatuko zuela iragarri zuen pasa den larunbatean. Partidak Euskal Herrian eta Landesetan jokatuko dira, eta Roland Dufourg presidenteak aditzera eman zuenez, berezkoak eta amateurrak jokatuko dute bertan, bere ustez, pilotari profesionalak EPB utzi eta berahala itzuliko omen dira eta Federazioaren babesera. Bestela, berriz, amateuretatik berezkoetara igo beharko dituzte.-