Urrutia, txapeldun gaztea. Saldiasko erremontistak binakako txapela irabazi berri du Zeberio II.arekin batera; ikasten jarraitu nahi du, «Lizasori eta besteei kontra egiteko»
EDURNE ELIZONDO / Berria
Gaztea da Miguel Mari Urrutia; 21 urte ditu, baina eskarmenturik ez zaio falta. Kantxan ez omen dio tokirik uzten urduritasunari, eta kantxatik kanpo ere ez. Patxadaz mintzatzen da. Lasai. Eta badu zer erranik.
Binakako Faustino erremonte txapelketa irabazi berri du Zeberio II.arekin batera, Altuna II.a eta Etxabe mendean hartu ondoren. Aurrenekoz aritu da Saldiaskoa binakakoan, baina debutaria ez da kikildu. Primeran aritu da, eta aurkariak erotu ditu bere sakearekin.«Kontent nago, kontent!», azpimarratu du Urrutiak, kontent, txapelketa amaitu ondoren zer moduz dagoen azaltzeko. Eta nabari zaio ahotsean kontent dela. «Txapelketaz gozatzeko asmoz joan nintzen, eta irabazi; ez da marka makala».Ezkurrarekin ariko nintzela uste izan zuen hasieran. «Gero erran zidaten Zeberiorekin ariko nintzela, eta poztu nintzen. Haren bikote izateak erakusten zuen ongi ari nintzela, mailan gora egiten ari nintzela», gogoratu du.Txapelketa biziki gozatu du. Biziki gozatu du handien kontra aritzeko aukera, eta haien gainetik sailkatu izana. «Lizaso bera finalerdietan bota genuen. Nik Ezkurra jotzen nuen faborito; Badiola ere ikaragarri ari zen jokatzen, baina handi horiek atzean gelditu ziren».Konplexurik gabe mintzatzen da Urrutia: «Gazteak heldu gara ilusioz eta indarrez beteta; kontuz ibil daitezela beteranoak», azpimarratu du, gogotsu.Gogotsu eta konfiantzarekin. Horrela dago Saldiasko erremontista. Eta horrela egon da txapelketan. «Sakean inoiz baino hobekiago aritu naiz; eta jokoan ere konfiantzarekin. Ongi. Saiatu naiz Zeberio laguntzen, eta ongi atera zaigu dena».Eskertu ditu txapelketan bikotekidearen aholkuak. «Urduri ez jartzeko erraten zidan». Kantxan ez du arazo handirik Urrutiak nerbioei eusteko, baina kantxatik kanpo, partiden bezperak ez dira samurrak izan pilotari gaztearentzat: «Ohean ezin loak hartu. Buruari bueltaka. Hamaika gauza pentsatzen».Baina hamaika gauza horiek, ongi atera zaizkio Saldiaskoari. Eta herritar guztiak izan ditu bere garaipenaren lekuko. Ama, halaber, bere eguneroko lanaren lekuko du Urrutia gazteak. «Asteburutan aita ere etortzen da nirekin frontoira».
Lizasori «kilikak egin»
Binakako txapela irabazi ondoren, denek eskatuko diote gehiago Urrutiari. Erremontista nafarra ez da erantzukizun horren beldur. «Finala jokatu aurretik, nire kezka ez zen gaizki ariko ote nintzen edo galduko ote genuen; herriko jendea etorriko zela, hori nuen buruan; eta sabela, ondorioz, kirioek janda nuen».
Bere lehen txapel handia irabazi ondoren, aurrera egiteko prest da Urrutia. Pilotaren mundua baitu gustuko. Eta mundu horren aldeko hautua egin du. Eskuz aritzen zen lehendabizi, eta Lizasoren eskutik, erremontean hasi zen Doneztebeko eskolan. Hasi, eta aurrera egin du. Eta aurrera egiten jarraitzeko prest da. Lizaso bera eta Ezkurra izan ditu beti begi bistan. Haien jokoa gertutik jarraitu du. Eta haiek zirikatzeko prest da.«Lizasori eta besteei kontra egitea da nire ametsa; kilikak egitea», nabarmendu du Urrutiak, irribartsu. «Saiatuko naiz. Gai izanen naizela uste dut; zergatik ez?», galdetu du, konfiantza osoz.Badaki, hala ere, hori lortzeko hainbat urrats egin beharko dituela. «Lehenengoa, bost kilo inguru galdu. Apur bat argaldu eta lanean jarraitu, hori da egin behar dudana». Izan ere, behar bezalako sasoia lortzea da orain Urrutiaren kezka. Lan egiteko gogorik ez zaio falta. Asko du oraindik emateko.