Haserre, oso haserre

Olaizola I.a-Zearrak ez dituzte balekotzat eman aukeran jarritako pilotak; bi bakarrik hartu dituzte
Edurne Elizondo / Berria

EPELen Eskuz Binakako Txapelketako finalerdiak zehaztuta geldituko dira igandean Olaizola I.a-Zearra eta Olaizola II.a-Otxandorena bikoteek jokatuko duten partidarekin. Atzoko material aukeraketan gertatutakoa kontuan hartuta, ez zaio gatzik faltako norgehiagoka horri. Asier Olaizola eta Oier Zearra haserre agertu ziren kazetarien aurrera saskitik pilotak atera ondoren. «Ez gaude batere kontent; gure gustuko pilotarik ez zegoen aukeratzeko», azpimarratu zuen Zearrak. Sekula egin gabeko zerbait egin zuten protesta moduan: hiru pilota beharrean bi aukeratu. Juan Mari Juaristi hautatzaileak aukeratu zuen hirugarrena.

Pilotak bilakatu ziren, beraz, atzoko protagonista. Olaizola anaien arteko lehiaren gainetik; txapelketako finalerdiak zehaztuko dituen azken partidaren gainetik. Asierren eta Aimarren arteko lehia erabakigarrienean, beraz, saskiak uste baino gehiago izanen du errateko. Olaizola anaien arteko zaharrenak, Asierrek, Zearra bikotekideak baino patxada handiagoz egin zion aurre egoerari: «Piloten ondorioz bikoteen arteko oreka gehiago? edo gutxiago, agian», bota zuen, irribarretsu. Olaizola I.ak, hala ere, argi utzi zuen aurkitutako pilotak ez zitzaizkiola batere gustatu: «Azken bi partidetan nabarmen behera egin du materialak. Eta gaur gure gustuko pilotarik ez zegoen. Denak ziren Aimarrek eta Otxandorenak baliatzen dituztenen gisakoak». Frontisean omen zegoen arazoa. Frontisetik nahiko ez zirela ateratzen pilotak. Azkenik hautatu zituztenen artean «bat polit samarra» zela onartu zuen Olaizola I.ak. Baina anaiak hartutako beste bat gustatu zitzaion gehiago: «Haiek hartutakoen artean bazen bat oso polita. Baina gainontzekoak, oso baxuak ziren», erran zuen.Bikote kidearen hitzekin bat egin zuen Zearrak, baina goizuetarrari baino gehiago nabaritzen zitzaion aurpegian haserrea. Serio gelditu zen Labriteko kantxan materiala hautatu ondoren. «Txapelketa osoan aurkitu ez ditugun pilotak aurkitu ditugu gaur [atzo]», erran zuen Zearrak. Buruan zuen, noski, igandean Iruñean bi bikoteek jokatuko duten partida erabakigarriaren garrantzia.

Hil edo bizikoa bi bikoteentzat

Hil edo bizikoa baita Labriteko partida bi bikoteentzat. Irabazten duenak baino ez du lortuko txapelketako finalerdietarako txartela. Aimar Olaizola eta Iñaki Otxandorena, behintzat, «kontent» gelditu ziren aurkitutako materialarekin. «Inolako arazorik ez» zuten aurkitu saskian.

«Frontisetik ez dira gehiegi ateratzen», onartu zuen Olaizola II.ak, «baina lurrean ongi ibiltzen dira». «Gustuko» izan zituela azpimarratu zuen, finean. Eta berdin Otxandorenak.Piloten inguruan piztutako eztabaida bazter utzita, igandeko partida irabazteko aukerak erdibanatuta ikusten ditu Olaizola gazteenak. «Haiek bat irabazi, eta guk beste bat; joan den asteburuan gu nagusitu ginen, eta berdin aritzen bagara, berriz irabazteko aukera izanen dugu. Haiek konfiantza handia dute, ongi ari dira, baina gu ere gero eta hobeki», azaldu zuen pilotariak.Ezkerreko eskua ez duela oraindik erabat ongi erran zuen, baina ari dela konfiantza berreskuratzen. «Gero eta hobeto dut eskua, eta gero eta beldur gutxiagorekin jotzen dut pilota».Otxandorenak, halaber, onartu zuen «sasoi betean ez» dela, baina azken igandean «txukun» aritu zela nabarmendu, eta hurrengo igandean bide beretik jarraitzeko prest da atzelaria. «Igandekoa, guretzat, bigarren finala izanen da jarraian, aurreko partidan ere dena baikenuen jokoan; neurria eman beharko dugu, eta gogor borrokatu». «Olaizola anaien arteko lehiaren itzalean gelditu gara Zearra eta biok, baina guk ere izanen dugu zer erranik igandean», gaineratu zuen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE