Deportivok ez du jaso oraindik frontoia murrizteko egitasmoaren bideragarritasun txostenik
Hilabete pasatu da Bizkaiko Foru Aldundia Club Deportivoko pilotalekua eraldatu ahal izateko egitasmoan lanean hasi zenetik. Azaroaren hasieran Aldundiko teknikariak Deportivoko pilotalekua neurtzen aritu ziren, esku-huskako neurrietara egokitzerik legokeen jakiteko. Neurketen harira zurrumurruak dantzan hasi ziren, eta hauts mordoa harrotu zuten. Orain arte, ordea, Aldundiak ez du deus ere zehaztu, eta Club Deportivok ez du eskaintzarik jaso. Hauts asko, bai, baina zerbait argi lezaketen ahots gutxi entzun dira.
Hasiera batean, Club Deportivok azaroaren bukaerarako espero zuen bideragarritasu txostena, baina ez du jaso oraindik. Artean Aldundiak ez du inolako zehaztasunik eman, eta isilpean darama prozesu guztia. Belen Greavesek, Bizkaiko Aldundiko Kirol zuzendariak, Deportivo pilotalekuaren eraldatzea , Bilbon esku-huskako pilotaleku bat eraikitzeko aukeretako bat dela esan zuen azaroaren 18an, eta dena zehazteke dagoela. «Egiasmoaren bideragarritasun teknikoa aztertzen ari gara bakarrik. Gero Club Deportivoko zuzendaritzarekin akordio batera iristen saiatu beharko gara, esku-huskako frontoia eraikitzeko toki aproposa den jakiteko». Diputatuak Aldundiak beste aukera batzuk ikertu dituela esan zuen, Deportivoko aukera bertan behera geldituko balitz. Beste aukera batzuk egonda ere, Aldundiak Deportivo eraldatzea du gustukoena. Rikardo Frelinek, Club Deportivoko presidenteak, aldundiaren eta kirol elkartearen arteko harremanak onak direla onartu du. «Aldundiak esku-huskako pilotalekua nahi dute Bilbon, eta Deportivo leku aproposena dela uste dute». Dena den, Club Deportivok oraindik ez du txostena jaso, eta proiektuaren nondik norakoak zehazten ez diren artean Frelinek ez du hartu-emanen inolako baloraziorik egin nahi. «Aldunadiaren eskaintza itxaroten ari gara, oraindik ez baitugu deus ere jaso. Jasotzen dugunena asanbladan aurkeztuko dugu, eta bazkideek erabakiko dute zer egin». Zalapartaren erdian, Eusko Basquek aurki emango du bere iritziaren berri. Hitz gutxitan, Aitor Tototrikak bere konponbidearen berri eman du. «Frontoia hamabigarren koadrora murriztuta, bazkideek 3.000 metro koadro jasoko dituzte, eta eskuak eta palak jokatzeko leku egokia izango dute». Durangoko enpresaria zakur zaharra da, eta ez da egitasmoaren arrastotik oso urrun ibiliko. Dena, baina, susmoak dira, txostenak airean jarraitzen baitu.
Jon Torre x palista profesionala eta Deportivoko bazkidea
«Deportivoko bazkideei bost axola zaie palaren etorkizuna»
I. M.
Palista beteranoa eta Club Deportivoko bazkide da, eta egitasmoaren bi aldeak gertutik bizi ditu. Torrek zalapartaren atzean proiektua hezurmamitzen ari dela uste du, ez bazkide modura, ezta pilotari modura ere albisterik jaso ez duen arren.
Palista eta Club Deportivoko bazkide. Nola bizi duzu egoera hau?
Inork ez daki deus ere egitasmoaren inguruan. Ez Clubean, ezta palistean artean ere, inork ez daki ezer. Iragan astean, aldundian lan egiten duen lagun batek esan zidanez, momentuz aurre-proiektu bat baino ez da, dena zehazteke dago. Nire ustez, zalaparta hau politikariek sorrarazi dute, eragileek nola erantzuten duten ikusteko. Pilotari naizen aldetik, pilotalekua laburtzen badute pala desagertu egingo dela. Pala frontoi motzean ere jokatu daitekeela diote askok, hala da, baina hori ez da pala, hori pala motza edo paleta da, baina ez pala. Pala frontoi luzean jokatu beharrekoa da.
Egitasmoak aurrera egingo balu, Club Depotivoko bazkidek onartuko luketela uste duzu?
Zalantzarik gabe, norbaitek proiektu polit bat aurkeztuko balu baiezkoa jasoko luke asanbladan. Normala da, gehiago ordaindu gabe, hainbat metro koadro gehiago lortzen badira inor ere ez da ukatuko.
Bazkideek pala ezagutzen al dute?
Deportivoko bazkideak asko aldatu dira. Duela urte batzuk pilota zen kirol nagusia, gaur egun, aldiz, 3.500 bazkide baldin bagaude ez dut uste 300 baino gehiagori palak axola dionik. Bazkideen gehiengo handiari pala bosta axola zaio. Pilotalekuari jandako tokian tokian paddle, golf edo antzeko zerbait jartzen badute baietz esango dute itsu-itsuan.
Palistek nola bizi dute egoera?
Inork deus ere zehaztu ez duenez, zalantza asko dago. Halere, denak iritzi berekoak gara, Deportivo laburtzen badute pala desagertu egingo da, edo aldatu behintzat. 36 metroko frontoian jokatzen dena ez da pala, beste gauza bat da. Areto futbola eta hamaika jokalariko futbola alderatzea bezalakoa da.
Totorikak hamabigarren koadrora arte murrizteaz mintzatu da?
Tira, hori ez da ez luzea ezta motza ere. Hori eginez gero, palaz jokatzekoa nahikoa litzateke, baina eskurako ez dakit egokia izango zatekeen.
Esku-huskak Bilbon arrakastarik izango al luke?
Ez, hemen ez baitago ohiturarik. Gainera, asko jota, urtean bost edo sei jaialdi ekarriko dituzte, eta horretarako antzinako modalitate bat desagerrarazi behar dute. Ezin dut sinetsi ere egin horrelako zerbait egiteko gai izango direnik, eta hori da tristeena, azkenean egingo dutela.