Hiriburukoak 40-34 irabazi zion Uriarteri, eta kubatarrak 40-26 Berasategiri
Gara
Jendetza handia batu zen Gerendaingo trinketean. Zuberoako herri txiki horretako trinkete berria erabat bete zen Urrezko Eskua Torneoko lehen partidak ikusteko.
Jaialdia hasteko, Hegiabeherek 40 eta 34 irabazi zion Uriarteri. Partida ederra eskaini zuten bi pilotariek, eta zaleek lehen neurketa honekin ederki pasatu zuten. 9-1 aurreratu zen Hegiabehere, eta bazirudien neurketa fite joango zela, baina Uriarte kintze batera jarri zen, 35-34. Halere, lapurtarraren eskarmentua erabakigarria izan zen. Bigarren partida ere ez zen txarra izan, baina Waltarik ongi menderatu zuen Berasategi. Kubatarrak 40 eta 26 irabazi zuen. 22-18 gerturatu zen Azkainekoa, baina gerora Waltariren eskuinak eta botetik sartutako kintzeek min handia egin zioten Berasategiri, eta partida irabazi zuen.