* Zumaiako herriak omenaldi hunkigarria eskeini dio Goikoetxeari
* Barandikak eta Lopezek irabazi dute finala, 13-15, 8-15
* Inaugurazio egunaz geroztik, lehen aldiz bete da goraino Aitzuri
* Masters honekin, zesta-puntaren haize berria iritsi da Zumaiara
GOIKOETXEA-MANZI vs BARANDIKA-LOPEZ: 13-15, 8-15
Arbe-Uranga vs Cosme-Zabala: 14-15, 7-15
Emozio handiko momentuak bizi izan dira Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Ohitu gabe geunden frontoia horrela ikusten. Zazpi urte pasa behar izan dira pilota jaialdi batean Zumaiako frontoia sarrera gabe geratzeko. Inaugurazio egunetik, zehazki. Bi osagai batu dira. Alde batetik, plater nagusia: Iñaki Osa Goikoetxearen agurra. Baina horrekin batera, zesta-puntaren haize berria, modernoa eta jai-giroari lotutakoa. Frontoira Goikoetxea ikustera joan diren asko zesta-punta berriz ikusteko gogoz geratu baitira.
Jaialdia lagun arteko partiduarekin hasi da, Cosme Agirre eta Unai Uranga zumaiarrak bertan zirela. Aurrelaria nagusitu da Zabala lagun duela, eta ondo jokatuta. Ausart eta indartsu aritu da Cosme errematean eta ikuskizuna eman du. Partida ikusgarria orohar eta entretenitua. Garaipena, bi set eta huts, urdin (13-15, 8-15).
Jaialdiko partida nagusirako, publiko artetik atera dira lau pilotariak publikoaren ohiu eta txalo artean. Master Serieseko finalean nahi eta ezinean aritu dira Goiko eta Manci. Atzetik joan dira markagailuan, Barandika eta Lopezen aurka. Bikote oso sendoa osatzen dute. Edozein frontoitan edozein txapelketa irabazteko modukoa. Zein bikotek irabazi diezaieke gaur egun Barandika eta Lopezi? Xabier oso joko onean dago. Irabazteko gosez, pilota bilatuz, bikain erreboteatuz eta batez ere eraginkor. Lopezek gaur ere ez du ia pilotarik huts egin. 2-6 hasi dira aurretik lehen jokoan eta kosta egin zaio Iñakiri partiduan sartzea. Baina sartu da. Tanto bi egin ditu jarraian eskubiz (4-8, 5-8) eta txik-txak perfektuarekin erantzun dio Barandikak (6-9). Goikoetxearen horma biko batek zutik jarri du publiko osoa (7-9) eta finaleko momentu onenak hortxe bizi izan ditugu.
Ondo aritu da Manzi eta onenekin jokatzeko beste azterketa bat gainditu du gaurkoan. Pilotari segurua da, eta berme bat edozein figurarentzat. Pilota ondo atzeratuta egin du tantu mutrikuarrak (9-11) eta markagailua estutzen jarraitu du Goikok, bi pareta, nahita, erdira botata (10-12). Set honen azken txanpan pilota bizitu denean ikuskizuna eman dute lau protagonistek. Paretean gora jauziak eginez, eskuinarekin goitik behera jokatuz edo aurkaria «zubian» utziz. Zesta-punta bizia. Zesta-punta alaia. Baina serio jokatuta. Galdetu bestela Barandikari. Horma-biko perfektu batekin itxi du lehen jokoa (13-15).
Bigarren setean, jendeak emozioa nahi zuen baina markagailuak ez du lagundu. Urdinek gogor jarraitu dute, Goikoetxea ahaleginean baina Barandika eta Lopezentzat beti abantaila (0-2, 1-4, 3-6). Defentsa oso ona erakutsi du gaur Manzik, hainbat txik txak eraman ditu eta baita hirugarren koadrora korrika joan eta dejada eraman ere. Deskantsurako hala ere, lau tantukoa zen aldea (4-8) eta 8-15 amaitu da jokoa.
Partida bukatu bezain laster lehertu da emozioa. Omenaldi ederra eta hunkigarria jaso du Goikoetxeak. Arritxu Iribar kazetaria aurkezle lanetan dela, Masteseko sariak banatu dira lehenik eta ondoren omenaldikoak. Udalarena, zesta-eskolarena eta batez ere seme alabena. Aitana alabak aurreskua dantzatu dio eta Iker semeak txapela jantzi. Jon Maiak ere argi adierazi du zumaiarrek pentsatzen dutena: «Goiko handia izan da baina, handiagoa Iñaki».
Oso berezia azkenik, Mugerzak, frontoian Goikoren lehen maisua izandakoak egin dion oparia. Gaztaina landarea jaso du Iñakik, Mugerzaren eskutik. Gaztainondoa, xistera egiteko erabiltzen den materiala. Mugerzak ereindako hazitik etorri da gero Goikoetxea eta gaur denok etxera joan gara, Zumaian beste hazi bat erein denaren sentsazioarekin.
Goikoetxea ez da itzuliko. Lopez ere noizbait erretiratuko da. Baina zesta-puntaren ikuskizunak irabazi egin du Zumaian. Edo Zumaia irabazi du. Goikoetxea ikustera joan direnek, zesta-punta ere ikusi dutelako. Zesta-punta berria. Beste hainbat lekutan modako kirol bihurtu dena. Zumaian lan handia dago egiteko baina hazia erein da. Orain ongarria bota eta ureztatzea tokatzen da, beste herri batzuetan jada posible den zuhaitz eder eta emankorra bihurtzeko.