Hiru 66ko

Hernani, Añorga eta Txaruta indartsuek ez dute hutsik egin BERRIA txapelketako laugarren saioan

Berria

Ez da batere ezustekorik egon laugarren jardunaldian. Hiru faboritoek (Hernanik, Añorgak eta Txarutak) erraz egin dute aurrera. Nabarmentzekoak Hernanik erakutsitako nagusitasuna eta larunbatean Urnietan Oizpeko eta Añorgako bikote nagusiek jokatutako partida.

BERGARA 16; HERNANI 66
Kadeteak: Mujika-Elorza 4; Ezeiza II.a-Grajal 22.
Gazteak: Muguruza-Aldai 4; Ezeiza I.a-Gorrotxategi 22.
Nagusiak:Muguruza-Gutierrez 8; Alvarez-Mendizabal 22.

Erraz irabazi zuten hernaniarrek. Kadete eta gazte mailetan koska dezentekoa zegoela gauza jakina zen, eta nagusien mailakoak piztu zuen ikusmin handiena. Bergararrak ziren faborito onenetan Gipuzkoako hirugarren bikote osatzen dute, baina Gutierrezek ez zuen bererik eman. Hernaniarrek apenas jokatu duten elkarrekin, baina Mendizabalek ikusgarri jokatu zuen eta Alvarezek primeran lagundu zion.

OIZPE 39; AÑORGA 66
Kadeteak: Alberdi-Perosanz 13; Eskudero-Sarasola 22.
Gazteak: Etxaniz-Zabala 10; Ojuel-Eizagirre 22.
Nagusiak: Gonzalez-Atutxa 16; Erroizenea-Argote 22.

Añorgakoek agerian utzi dute urrutira iristeko moduko taldea dutela. Ongi aritu ziren Oizpekoak kadeteetan, baina lehen urtekoak direla nabaritu zitzaien heldu den urtean lan asko emango dute. Gazteetan, ordea, ez zuten Oizpekoek eurenik eman Zabala atzelariak sumatu zuen horrenbeste partida jokatu izana. Añorgakoen artean, Ojuel aurrelaria eta haren sakatzeko teknika findua dira nabarmentzekoak. Nagusietan, laugarren jardunaldiko partidarik onena jokatu zuten bi bikoteek.

SAN ESTEBAN 33; TXARUTA 66
Kadeteak: Urkizu-Etxeberria 4; Loiarte-Barberena 22.
Gazteak: Zelaia-Ugartemendia 20; Arregi-Otxandorena 22.
Nagusiak: Olaetxe-Zabala 9; Mikelperizena-Arraztoa 22.

Ez zuten baztandarrek kanporaketa aurrera ateratzeko arazorik izan, baina gazte mailako bikotea indartu beharko dutela gelditu zen agerian. Kadeteetan, oso ongi ari ziren Txarutako nafarrak eta eskas San Estebango gipuzkoarrak. Gazteetan, denetarik egin zuten nola San Estebangoek hala Txarutakoek. Izan ziren ongi jokatu eta bukatutako tantoak, eta izan ziren ale kaskarrak ere Zelaia gipuzkoarrak izan zen lau pilotarien artean onena. Nagusietan, oso bikote sendoa osatzen dute Mikelperizena-Arraztoa nafarrek, eta agerian utzi zuten hori. Mikelperizena beteranoa izan zen pilotari onena.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE