Hirugarrena, binaka

Frontis enpresako zazpi bikote arituko dira Arabako Irekian, binaka jokatuko den lehenbizikoan

Berria

Pilotako Zirkuitu Profesionaleko hirugarren lehiaketa bihar bertan hasiko da, Legutianon (Araba). Nafarroako Irekia jokatu zen lehenengoMartin Alustizak irabazi zuen, Bizkaiko Irekia ondoren Karlos Armendarizek irabazi zuen, eta lau t’erdian aritu beharrean binaka jokatuko da hirugarrena: Arabako Irekia. Atzo aurkeztu zuten Gasteizen, eta Frontis enpresako zazpi bikoterekin jokatuko da: Larraia-Armendariz, Alustiza-Elola, Antxia II.a-Arretxe, Badiola III.a-Gorriti, Barberito VI.a-Altuna, Amarika-Errandonea eta Ariznabarreta-Zabala.

Orain arte jokatu diren bi lehiaketen prozedura berbera izan du hirugarrenak. 300 euro jarri ditu bikote bakoitzak, eta 3.000 jasoko ditu irabazten duenak. Nafarroako Federazioaren babesean jokatu zen lehenengoa, Bizkaikoaren babesean bigarrena, eta Arabakoaren laguntza izango du hirugarrenak Orlando Gaviña presidentea izan zen atzoko aurkezpenean, Frontis enpresako arduradun eta pilotariekin batera. Txapelketako partida guztiak Arabako frontoietan jokatuko dira. Legution lehenengoa eta Amurrion azkenekoa, final nagusia, otsailaren 26an. Kanporaketa sistemaz jokatuko da txapelketa, eta Larraia-Armendariz bikotea dago finalerdietarako zuzenean sailkatuta.

Berritasun bat ere izango du txapelketa horrek: pilotak ez dituzte pilotariek aukeratuko. Arabako federazioko ordezkari batek aukeratuko ditu frontoi bakoitzerako egokienak direnak, eta zozketa bidez aukeratuko dira partida bakoitzerako lau pilota Otero pilotagilearenak izango dira guztiak. Horrez gain, Arabako Federazioarekin eta Aldundiarekin akordio batera iritsi da Frontis enpresa, eta txapelketako partida jokatzen duten herrian, ikastaroak emango dizkiete enpresako pilotariek bertako neska-mutilei.

Arabako Irekia ere baliagarria izango da noski Zirkuitu Profesionaleko sailkapen nagusirako. Orain, Karlos Armendariz dago lehen postuan (80 puntu, eta 46 tanto alde), Martin Alustiza bigarren (59 puntu, eta 18 tanto alde), eta Fernando Arretxe hirugarren (56 puntu, eta tanto bakarra alde). Hurrengo txapelketak Errioxan eta Gipuzkoan dira jokatzekoak.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE