Hirugarrenaren bila

Goikoetxea-Enbil dira faborito Donibane Lohitzunen gaur hasitako Munduko Zesta Txapelketan

I.M / Berria

Bigarren urtez sei bikoteko formatuarekin, eta bigarren urtez azken mementuko leku aldaketarekin. Iaz Kankun jokatzekoa bazen ere, azkenean Donostian jokatu zen. Aurtengoan, berriz, Paben zen hitzordua, baina pilotalekuko lanak garaiz bukatu ez direnez, azkenean Donibane Lohitzuneko Campos Berri pilotalekuak hartuko du gaur hasiko den Munduko Zesta Txapelketa.

Hortaz, bigarren aldiz segidan, Euskal Herrian jokatuko da Munduko Txapelketa, eta aurtengo aldian hamabi partaideak Euskal Herrian jaiotakoak dira, nahiz eta Nazioarteko Federazioak Espainiako eta Frantziako Federazioetako partaide bezala aurkeztu dituen. Nazioarteko Federazioko presidente Dominque Boutineauk aurkezpenean azaldu zuenez, AEBetako jokalariek urte osoan kinielak jokatzen dituztenez, uda garaian etorri ezean, «ezin dira garaiz prestatu mundialerako» eta zail egiten zaie 35 tantoko partidei eustea. Hau Waine eta Kevinen kasua litzateke, 2001ko mundialean aritu zirenak. Egongo ez den beste izen handi bat Alex Rekalderena izango da, markinarrak ez baitu beste hilabete batez atzeratu nahi izan AEBetarako itzulera.

A multzoa, indartsuena
Hamabi pilotariak hiru bikoteko bi multzotan banatuta egongo dira. Bertan, Eusko Basqueko bikoteez gain, Miarritzeko taldearekin eginiko hitzarmenaren ondorioz Jai Alai Sportekin aritu diren Phillipe Baronio eta Eric Irastorzak ere jokatuko baitute.

Bikote lapurtarra A taldean arituko da, azken bi aldietako txapeldun Goikoetxea-Enbil eta Egiguren II.a-Arriagarekin batera. Aurreikuspenek lehen multzoa indartsuagoa dela esaten dute, bertan bi faboritoak ageri direlako ,Goikoetxea-Enbil eta Baronio Irastorza, alegia. Multzo berean egotean, betiere sailkatzea lortuz gero, bi bikote faboritoek finalean elkar ikusi ahal izango lukete. B multzoan, aldiz, Berriatuako bikotea nabarmendu behar da, Bereikua eta Felixek bikote handia egiten baitute, eta egun ona izanez gero, ezustekoa emateko gai dira. Alberdi II.a-Lopez eta Etxalus-Barrondok osatzen dute multzoa. Aurtengoa Etxalusek jokatuko duen azken Munduko Txapelketa izango da, Mauleko aurrelari beteranoak datorren urtean erretiroa hartuko duela aurreratu baitu.Partidak gaur hasiko dira (20:30ean), Goikoetxea-Enbil, Egiguren-Arriagaren aurka, eta Alberdi II.a-Lopez Bereiku-Felixen aurka arituko dira.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE