Enpresa berria abian. Juan Pedro Azkunek urteak daramatza bigarren mailako pilota jaialdiak antolatzen, eta aurten berak sorturiko enpresa profesionalarekin hasi da lanean
IMANOL MAGRO / Berria
Eskarmentua eta pilota merkatuaren ezagutza dira Juanpe Azkuneren bi bertute nagusiak. Pilotari ohi durangarrak urteak daramatza afizionatu mailako jaialdiak antolatzen. Azkune oso ezaguna da pilota munduan, besteak beste, Amabi egitasmoaren eta Euskadi Valentzia norgehiagoken bultzatzailea izan baita. Aurten, ordea, «aurrerapauso bat» ematea erabaki du, pilota profesionalean erabat murgiltzeko.
«Ordago egitasmoa Amabin egindakoaren antzerakoa da. Afizionatu maila alde batera utzi eta eremu profesionalean sartuz». Izan ere, EPELen itzalean beste pilota mundu bat dago, eta hor inor gutxik erakutsi du Azkunek hainbeste trebezia.Gaztela eta Leongo, Errioxako eta Herrialde Katalanetako herri txikietako jaien barrena, pilotari askok soldata oparoa biltzen dute udako hilabeteetan. Egun, lehen mailan aritzen diren pilotari asko Azkuenerekin ibilitakoak dira. Irujok edo Zearrak ondo ezagutzen dute beste zirkuitu hori. Enpresari durangarraren iritziz Ordagok merkatu potentzial handia dauka. «Gaztelan 1.400 pilotalekutik gora daude, Errioxan ere asko eta hortik Euskal Herrira pasako gara». Ordagok heldu den asteburuan antolatuko du lehen jaialdia, Villavidelen (Leon, Espainia). Maiatzerako hamabost jaialdi hitzartu dituzte jada. Euskal Herrian, Errigoitin, Busturian edo Ibarrangelun. Espainian, Aldearrodrigon, Laguna de Negrillosen edo Nava de Arevalon. Herri txikietako jaiek pilota merkatu propioa dute, «Aspek edo Asegarcek eskatzen dutena ordaindu ezin dutelako», azaltzen du Azkunek. Durangarrak harreman sare zabala josi du azken urteetan, eta horri esker uda guztirako jaialdiak lortu ditu. «Komertzialen gaitasunak berebiziko garrantzia du merkatu honetan, 800 eurorekin jaialdi polita kontratatu baitezakezu. Hori bai, halakoetan guk denetarik egin behar dugu: megafonia jarri, epaileren bat lortu…». Ordagoko pilotari multzoa osatzeko Besagaineko, Aspeko eta Asegarceko pilotari ohiak afizionatu mailakoekin nahastu ditu. «Pilotari askok euren burua eskaini didate. Ordagon inor ez da aberastuko, baina pilotariek diru gutxiren truke jokatzea nahiago dute afizionatu mailan musu truk aritzea baino».Egitasmoaren jaiotza bultzatzeko enpresa berriak hainbat babesle komertzial eta Gaztela eta Leongo telebistaren babesa lortu du. Era berean webgune bat sortu dute euren eskaintzaren inguruko informazioa hedatzeko: www. pelotaenaccion.com.
Azaroko erronka
Azkuneren iritziz, enpresa txikien arazoa uda bukaeran hasten da. «Nik uda jaialdiz lepo beteta dut, orain neguko hilabeteak betetzea falta zait». Hilabete horiei aurre egiteko bi egitasmo bideratu nahi ditu: bigarren mailako enpresen bateratzea eta pilota turismoarekin uztartzea.
Enpresa txikien bateratzea lortu ahal izateko, Azkunek enpresetako ordezkariak batzartzeko eskatu dio Euskal Herriko Federazioko presidenteari. «Ez daukat itxaropen handirik, halere, garbi daukat aurrera egiteko enpresa txikiek (Garfek, Frontisek) bat egin beharra dugula». Bere asmoa beste liga bat eratzea da. «EPELen lankidetzarekin edo gabe», bigarren mailako txapelketa duin batzuk eratzeko.Beste egitasmoa esku pilota turismoarekin uztartzea litzateke, Jai Alivek Donostian egin bezala. «Euskal Herriak kongresista eta turista ugari erakartzen ditu, eta horiei pilota ikuskizunak eskaintzea litzateke gakoa. Berdin dio, Guggenheim torneoa edo Artium torneoa izan, baina hor irteera bat dago». Enpresariak Valentziako pilotarien adibidea darabil azalpenerako. «Iaz Fiturrera joan ziren, eta aurten jaialdi ugari lortu dituzte mediterraneo kostaldean barrena».