Gara
Ibarrolak eta Jean Claude Dermitek lortu zuten atzo Donibane Garaziko Cize Torneoko finala jokatzeko txartela. Jende dezente batu zen Garat trinketean lehen finalerdia ikusteko.
Atzo, berriro ere partida 50 kintzetara jokatu zen. Pasa den astean 40ra jokatu zituzten, bestela bi partida oso luze egin beharko zirelako. Atzo bakarra jokatu zenez, berriro ere 50era jokatu zuten.
Partida estua izan zen hogeita hamargarren kintzera bitarte, baina hor Rene Dermit akitu egin zen, eta Olivier Larretxea kintzeak galtzen hasi zen. Beste aldean, berriz, Ibarrola bikain aritu zen. Sasoi handian dago, eta botarekin atzo ere min handia egin zuen. Jean Claude Dermitek bikain lagundu zion.
Txapelketa honetako bigarren finalerdia datorren astelehen arratsaldean jokatuko da. Bertan, Aranburu eta Ezkurra II.a Sorhueten eta Maiteren aurka neurtuko dira. Hango irabazleak hemendik bi astera jokatuko den finalean izango dira.
Aurkezpena
Gaur aurkeztuko da EPB enpresa. Hemendik aurrera pilotari profesionalek enpresa bat izango dute, ezker paretean gertatzen den moduan. Enpresako arduradun Jean Michel Idiartek proiektu berri honen aurkezpena egingo du, eta bertan emango du asmo guztien berri. EPB orain arte ere lanean ari zen, baina ez orain bezala; izan ere hemendik aurrera pilotariak enpresako langile bezala arituko dira.
Honek guztiak Frantziako Federazioaren haserrea sortu du, eta enpresari buruz nahiko iritzi txarra zutela ere erakutsi zuten joan den astean. Honi guztiari buruz ere hitz egin nahiko dute EPBko arduradunek.