Gara
Ibarrolak eta Kurutxarik ezustea eman eta Arrangoitzeko Torneoko finalean sartu dira, Sorhuet eta Ezkurra II.a 40 eta 27 menderatuta.
Sebastien Sorhuet eta Paxkal Ezkurra ziren txapela janzteko hautagai nagusietakoak, baina Urruñako atzelaria ez dago bere unerik onenean, eta hori nabaritu egin zen herenegun jokatu zuten neurketan.
Partida nahiko parekatuta joan zen hamazazpigarren kintzera bitarte, eta 17 eta 17 berdinduta egon ostean, 25-17 jarri ziren aurretik irabazleak, eta hori gainditu ezinezkoa izan zen Sorhuet eta Ezkurra gaztearentzat.
Irabazleak hobeto aritu ziren. Bai aurrean eta bai atzean erabat nagusitu ziren, eta aukera oso gutxi eman zieten aurkariei, eta ongi merezita lortu zuten finalerako txartela. Oren eta erdi iraun zuen lehen finalerdiak, eta harmailak, berriz, bete egin ziren.
Finalean aurrez aurre izango duten bikoa zein den jakiteko, datorren igandera bitarte itxaron beharko dute, egun horretan jakingo baitute noren aurka lehiatuko diren txapelaren lehian. Ezkurra I.a-Ozafrain Larretxea-Etxetoren aurka neurtuko dira. Azken horiek dira faborito. Finala uztailaren 16an jokatuko dute.