Ibarrola-Kurutxari bigarren zatian nagusitu ziren

Hamaseina berdindu arte parean ibili ziren, baina gero ez zen konparatzerik egon
IBARROLA – KURUTXARI 50
ARANBURU – ETXETO 26
Gara

Ibarrolak eta Kurutxarik irabazi zuten Sarako Pleka Torneoa. Finala polita izan zen lehen zatian baina, hamaseina adostu ostean, norgehiagoka bukatu zen, azkenean txapela lortu zuen bikoa askoz ere hobea izan baitzen.
Berdinketa ugari izan ziren hamaseina jarri arte baina, hortik aurrera, abantaila ateratzen hasi ziren irabazleak. 25-18 jarri ziren lehenengo, 15-8ko partziala lortu zuten gero, eta markagailuan 40-26koa jarri zuten. Oraindik jokatzekorik geratzen zen, baina irabazleek ez zuten itxaron, eta zuzenean joan ziren azken tantora. Hamar kintze bata bestearen atzetik eginez, garaipena lortu zuten, galtzaileek ezin izan baitzuten gehiagorik egin.

Aipagarria da Andde Kurutxari egiten ari den lana. Lehen urtea du profesionaletan, eta hirugarren txapela jantzi du aurtengo udan. Izan ere, negu partean ezin izan dute jokatu, pilotari guztiak zigortuta egon baitira, Binakakoari eta Banakoari uko egiteagatik. Kurutxarik Arrangoitzen eta Armendarizen bereganatu zuen txapela, eta atzo, Saran, ere bai.

Atzean oso seguru ikusten da. Pilota fite ibiltzen du, eta arerioari gain hartzen dio beti. Hala ere, ez dago Ibarrolaren lana aparte uzterik. Aurrelari donibanegaraztarra sasoi bikainean dago, eta horrelakoetan zaila izaten da geratzea. Botea oso arriskutsua du, eta jokaldi horrekin asmatzen baldin badu, min handia egiten du. Atzo ere bederatzi kintze egin zituen. Arerioak, Aranburu eta Etxeto, ezinean aritu ziren. Hamaseinako berdinketara arte, eusteko gai izan ziren, baina gero ezin izan zuten. Etxetok beherantz egin du, eta Kurutxarik gainditu zuen atzo.

Titin eta Irujo
Titin III.a eta Lasa III.ak 22 eta 19 hartu zituzten mendean Martinez de Irujo eta Pascual, Altsasun jokatu zen jaialdiko partida nagusian.
Partida oso orekatua izan zen, eta ikusitako tantoak ere ikaragarriak izan ziren, Irujok eta Titinek zaleen gustua ederki bete baitzuten. 18nako berdinketaren ostean erabaki zen partida, irabazleek 18-21era ihes egin baitzuten. Hurrengo tantoa galtzaileek egin zuten, baina ezin izan zuten besterik egin. Lau pilotariek oso maila ona eman zuten.

Mutirkun, berriz, Errastik jokatu behar zuen, baina berotzen ari zela min hartu zuen sorbaldan. Badirudi zain tiratu bat besterik ez dela izango, baina gaur jakingo da.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE