XIII. BERRIA Txapelketako bigarren finalista nor izango zen igandean erabaki zen Andoaingo Arrate pilotalekuan, eta Azpeitiko Ilunpek eskuratu zuen txartel preziatua, Gaztelekuri 2-1 irabazi ostean. Kadeteetan azpeitiarrek eta gazteetan andoaindarrek puntua lortu ondotik, nagusietan erabaki zen kanporaketa, eta Ilunpe gehiago izan zen. Ondorengoak izan ziren emaitzak:
Kadeteak. Iriarte-Egiguren 22-15 Alberdi-Elizegi
Gazteak. Alberdi-Odriozola 12-22 Matxain-Aizpuru
Nagusiak. Etxaniz-Murgiondo 22-9 Eskudero-Santxo
Kadeteen arteko partidan faborito garbi atera zen Ilunpeko bikotea, baina inork gutxik esperoko zuen andoaindar pilotariek hain maila ona ematea. Partidak gogortasun eta oreka izugarria eduki zuen erdira arte, eta iraupen luzeko erdian tanto ederrak egon ziren. Alberdik asmatu zuen aurrean, eta Elizegik atzean ondo eutsi zien Egigurenen pilotakadei. Hala, 14-13 aurretik egon zen Gazteleku. Hortik aurrera nekatu egin zen Elizegi, eta hori baliatu zuen Iriartek jokoan gehiago sartu eta partida erabakita uzteko. Azkeneko tantoak jarraian eginda, Ilunpek 22-15 irabazi zuen.
Kadeteetan ez bezala, gazteetan Gazteleku zen faboritoa, eta argi geratu zen zergatik. Neurketaren hasiera gogorra izan zen. Bi atzelariak nor baino nor gehiago aritu ziren, eta Alberdi azpeitiarrak tanto onak egin zituen aurrean. Matxainek ere asmatu zuen tartean-tartean. Hori bai, seigarren tantotik aurrera Aizpururen alderdirik onena azaldu zen, eta hark utzi zuen erabakita lehia. Apenas galdu zuen pilotarik, eta sekulakoak jo zizkion eskuinez. Gainera, pare bat dejada ere egin zituen. Etorkizun handiko atzelaria da Aizpuru, kontuan hartzekoa. 22-12 bukatu zen partida.
Hala, nagusietan irabazten zuenak erabakiko zukeen kanporaketa. Etxaniz eta Murgiondo azpeitiarrak faborito ziren, eta are gehiago Gaztelekuk azken orduko aldaketa egin behar izan zuelako. Erasunek ezin izan zuen jokatu, beste konpromiso garrantzitsu bat zuelako, eta Santxok ordezkatu zuen. Hala, Gaztelekuk bi aurrelarirekin jokatu zuen, eta hori antzeman egin zen. Etxaniz eta Murgiondo burutsu aritu ziren, eta abiadura bizian ibili zuten pilota. Santxok lan aipagarria egin zuen, aurrelaria izateko meritu handiko lana osatu baitzuen, baina ez zen aski izan. Eskuderok ez zuen aurrean aukerarik izan, eta salduta egon zen. Hala, Ilunpek ondo merezita lortu zuen finalerako txartela.
Ekainaren 26ko finalean Errekaren aurka jokatuko du, Hernaniko Udal pilotalekuan.