IMANOL LÓPEZ, HOGEIGARRENA JARRAIAN?

 

Imanol López kantxan gozatzen ari den pelotaria da. Atzeman egiten zaio, igarri egiten da inoiz baino motibatuago dagoela eta gainera, partida guztiak irabazteko gogo biziz dagoela. Dena nahi du irabazi, eta ia denak irabazten ditu.
Zeintzuk dira estatistikak? Euskal Herrira iritsi denetik, 24 partidu jokatu ditu zumaiarrak. Hauetatik bi galdu ditu: lehenengoa, Hondarribian jokatutako lagun arteko bat, Jagoba Narbarte Errenteriako aurrelari gaztearekin ezin izan zien irabazi Laduche eta Gotzon Enbil bere herrikideari. Galdutako bigarren partidua, Donibane Lohitzuneko Campos Berrin. Uda honetako lehenengotako «sorpresa» izan zen, Aritz Erkiagarekin Master 1 txapelketa irabazteko faboritoa zelako, baina galdu egin zuten Beaskoetxea eta Lekerikaren kontra. Galdutako partidu biak, desenpatean galdu ditu Lópezek.
Eta irabazi? beste guztia: Gernika, Hondarribia eta Donibane Lohitzuneko Grand Slamak; Hossegor eta Lekeitiko Master Seiesak; Donibane Lohitzuneko Master 3-a; Kalzada Open-a; Frontoi Motzeko Buruz-Buruzko txapelketa; eta ez dezagun ahaztu uda hasita baina Mexikon irabazi zuen Jai Alai World Tour-eko lehenengo txapelketa, Fernando Díez Barroso alegia. Miarritzeko Urrezko Xistera ez du irabazi, baina jokatu ere ez du egin. Titulu hauek guztiak Egiguren, Zulaika, Olharan eta Beaskoetxearekin irabazi ditu. Aritz Erkiaga izan da berarekin txapelketa bat jokatu eta titulurik eskuratu izan ez duen aurrelari bakarra.
Aurreko larunbatean errez gailendu ziren Egiguren eta López Kalzada Open-ean Beaskoetxea eta Aldazabalen kontra. Hemeretzigarren garaipena izan zen jarraian zumaiarrarentzat. Hemeretzi partidu, segidan, galdu gabe. Eta bihar hogeigarrenaren bila doa. Etxean, Aitzurin, Zumaian jokatuko du López-ek Master Series-eko finala, lagun eta herrikideen aurrean. Christophe Olha izango du lagun, eta Olharan eta Inzaren kontra jokatuko du. Beste behin, faboritoa da, eta sorpresa litzateke galtzea. Hala ere, onenek ere ezin dituzte partida guzti guztiak irabazi.
Batenbatek esango du, aurrelari eskasagoak jarri behar zaizkiola. Lópezek Mexikon ez ditu hainbeste partidu jarraian irabazi, intendenteak «kargatu» egin duelako. Abantaila handiak ematen dituelako kantxan eta behin baino gehiagotan ikusi dugu nahiko aurrera joan eta bera erreboteatzen. Euskal Herrian berriz, txapelketa garrantzitsuak jokatzera dator, aurrelari guztiak dira maila onekoak, eta López estutzeko, maila baxuko laguna jarri beharko litzaioke. Hori, Euskal Herriko txapelketetan ez da gertatzen. Aurrean ez dago hainbeste alde, eta atzean, ez dago inor López-i itzala egin diezaiokenik.
Sekula ikusi gabea ari gara ikusten. Galtzen ez duen pelotaria, kantxan beste guztien oso gainetik dagoena. Ez zaigu besterik geratzen, bere jokoaz gozatzea baino. Etorriko zaio garaia, hain erraz ibiliko ez dena. Orain, bera da kantxetako errege.
© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE