Indar hutsez

Oinatz Bengoetxeak eta Ruben Belokik Binakako Txapelketako lehen garaipena lortu dute

IMANOL MAGRO / Berria

Indar erakustaldia izan zen atzo arratsaldean Eibarko Astelena pilotalekuan. Lau pilotariek gogor lan egin baitzuten pilota hotsa pilotalekuko azken eserlekuraino irits zedin. Partida orekatu batean, bi bikoteek esku-eskura izan zuten garaipena, eta azkenean Iñigo Pascualek gora bidalitako pilotakada batek erabaki zuen garailea.

Ruben Belokik eta Oinatz Bengoetxeak ezustean irabazi zuten. Pilotaren logikak Gonzalezen eta Pascualen indarrak azken txanpan partida erabakiko zuela aurreikusten zuelako. Bikote urdinak, ordea, pilotakada zaparradari ezin hobe eusteaz gain kantxa erdiko piloteo bortitzean nagusitzea lortu zuen. Hein handi batean Ruben Belokik eginiko lanarengatik.

Hori baitzen Asegarceko bikoteak atzoko partidarako erabaki zuen estrategia. Burlatako atzelariak piloteoari eusten zion bitaretan, Bengoetxeak aurreko koadroetako pilotak ehizatu behar zituen. Biek gidoia errespetatu zuten, eta azken txanpan beraien arteko ulermen arazoa aireratu bazuten ere Beloki ez zen iritsi Oinatzek pasatzen utzitako bi pilotetara, aurkarien hutsak eraginez lortu zuten garaipena; eta sailkatze faseko lehen puntua. Aspeko bikoteak ere aurreikusten zitzaion jokoa egin zuen. Eibarko enpresak bere bi jotzaile bortitzenak batu ditu, eta horretan jardun ziren partida guztian. Pascual eta Gonzalez Beloki higatzen saiatu ziren, bosgarren edo seigarren koadroan jotako pilotakadak arazorik gabe iritsi ziren errebote zulo ingurura. Burlatakoa, baina, gorrien egitasmoa zapuzteko asmoz kantxaratua zen. Gonzalezen eta Pascualen indarra, ordea, hutsetan ere gelditu zen agerian. Bien artean pilota ugari bidali zituztelako frontis gaineko koltxoira, bukaeran erabakigarriak suertatu ziren tantoak, hain zuzen.

Hutsez beteriko bukaera

Partida hasiera oso bizia izan zen. Lehen piloteoetan gorrien indarrak tartea irekitzea lortu zuen eta Aspeko bikotea partida hausteko bidean jarri zen (10-6). Ruben Beloki, hartu-emanean ezer gutxi egiterik zuela ikusita, pilota baztertzen hasi zen arte. Pascualek ezin izan zituen Burlatakoak gurutzaturiko pilotak jaso eta bere hutsek urdinen aldeko 7-0ko partziala bideratu zuten (10-13).

Bere bikotearen gabezia teknikoek urdinen ihesa bideratu zutenean Sebastian Gonzalezek aireko jokoan sartzea erabaki zuen. Azkaindarraren bolea bortitzek Aspekoen susperraldia ahalbidetu zuten. Markagailua berdindu ostean 15na erabakigarria zirudien tartea lortzeraino (19-16). Partidako azken tantoak erru pilaketa izan ziren. Batetik Bengoetxea eta Belokiren arteko ulermen arazoek ikusleen txistuak eragin zituzten. Bestetik, Pascualek eta Gonzalek pilota errazak galdu zituzten. Azken hauen erruak larriagoak izan ziren, eta urdinek berriro orekatu zuten partida (20-20).

Azken hiru tantoek ere partida bukaerako joera mantendu zuten. Bengoetxeak lehenbizi bigarren koadroan harturiko pilota txapapera bidali zuen. Honen ondoren hala Gonzalezek nola Pascualek gora bidali zituzten azken bi tantoak. Bukaeran, erruek erabaki zuten, indarra protagonista izan zuen lehia.

Tolosa, Iscar, Iruñea eta Eibar hurrengo asterako

Pilota enpresek atzo eman zituzten ezagutzera Binakako txapelketaren bigarren jardunaldiko pilotaleku eta orduak. Partiduok heldu den asteburuan jokatuko dira.

Jardunaldiko lehen partida ostiral gauez jokatuko da, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Bertan, Titin III.ak eta Barriolak, Gonzalezen eta Pascualen aurka jokatuko dute.

Larunbat arratsaldez, ostera, bi partida jokatuko dira. Iruñeko Labrit pilotalekuan Martinez Irujo eta Goñi III.a, Xala eta Lasa III.aren aurka ariko dira. Iscarren, berriz, Olaizola II.ak eta Otxandorenak Berasaluze eta Ruiz izango dituzte aurkari. Azken partida, ohikoa denez, igande arratsaldez eta Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko da. Bertan, Olaizola I.k eta Zearrak Bengoetxea VI.a eta Belokiren aurka jokatuko dute.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE