Asier Olaizolari behatz lodiko atzazala kendu diote, baina jokatuko du
E. Telleria / Berria
EPELen Eskuz Binakako Txapelketako finalerdiak zehaztuta gelditu dira. Jakina zen Titin III.a-Barriolak eta Bengoetxea VI.a-Belokik jokatuko zutela bat, eta herenegun jakin genuen Irujo-Goñi III.ak eta Olaizola I.a-Zearrak jokatutako dutela bestea. Bi partida irabazi beharko ditu finalerako urratsa egin nahi duenak, eta lehenengo jardunaldirako egunak eta frontoiak aukeratuta daude: larunbatean jokatuko dute Titin III.a-Barriola eta Bengoetxea VI.a-Belokik, Iruñeko Labriten (17:00, Tele 5); igandean jokatuko dute Irujo-Goñi III.ak eta Olaizola I.a-Zerrak, Eibarko Astelenan (17:00, ETB1).
Asier Olaizolak eta Oier Zearrak ez beste guztiek izan dute astebeteko atsedena lehen jardunaldi hori ganoraz prestatu ahal izateko. Sekulako tratua hartu zuten biek, herenegun, kitarako partidan. 107 minutuko norgehiagoka eta 1.084 pilotakada. Lan eskerga egin zuten 3-12 maldan gora jarritako norgehiagoka aurrera ateratzeko (22-16). Eskuetatik ongi antzean amaitu zuten biek, baina Asier Olaizolak ezker hankan izan zituen arazoak. «Behatz lodiko atzazala lehendik neukan gaizki, eta partidan okerrago jarri zitzaidan. Ez nintzen batere gustura aritu, ezin nuelako hanka zoruan behar bezala asentatu. Partida bukatutakoan lehendik ustelduta neukan zatia eta minduta neukana bisturi batekin kendu zizkidaten», azaldu zion atzo Berriari Olaizolak.Onartu zuen goizuetarrak asko sufritu zuela partidan, baina ez du aparteko arazorik ikusten igandean jokatzeko. «Atzazala kendu didate, baina ez da horrenbesterako ere. Jokatzeko moduan izango naiz». Pilotak aukeratzeko egunak ez dituzte zehaztu oraindik, baina ziurrenik bihar egingo da Iruñekoa eta etzi Eibarkoa.