Buruz buruko txapelduna da, baina badaki aurki galduko duela txapela. Igandean esan zion agur manomanistari, eta aitzakiarik jarri gabe dio ez zuela ondo jokatu.
Igandeko partidako atsekabea apurka pasatzen ari zaio, eta ez dela hain larria nabarmendu du. «Iragana iragana da», dio Martinez Irujok (Ibero, 1981), eta ez da itsutzen. Egun eskuetan arazo txiki bat du, eta horrek amorratzen du gehien, jokatzen hasi aurretik apur bat itxaron beharko duelako.
Zer moduz zaude?
Ondo esan beharko.
Igandekoa kolpe latza izango zen, ezta?
Tira, kolpea igandean izan zen, baina kirola halakoa da: batzuetan irabazi egiten da, eta beste batzuetan galdu. Gainera, oraindik txapelketa asko ditut aurretik.