Iberokoak eta Eulatek, eta Kokak eta Belokik antzeko pilotak aukeratu dituzte etzi Iruñean jokatuko duten partida erabakigarrirako
Juan Martinez Irujo pilotari ezberdina da. Pilotazale guztiek argi dute hori. Iberoko aurrelaria pilota jokoaren azken iraultzaile handia izan da. Kantxa gainean berak du azken hitza beti, eta galdu nahiz irabazi partidak berak erabaki beharra dauka. Epaile eta borrero bat eginda, txapeldunaren xarma, eta polemikaren gatzontzia. Halere, Irujoren karisma partidetatik haratago zabaltzen da, atzo Labriten egindako pilota aukeraketan erakutsi zuen bezala.
Irujok eta Eulatek, eta Kokak eta Belokik larunbateko norgehiagokan erabiliko dituzten pilotak aukeratu zituzten atzo. Aspekoak jardun ziren lehenbizi hautaketa lanetan. Saskiko pilota bakoitzarekin liturgia bera jarraitu zuten, lehenbizi Irujok probatu zituen, iruzkina egin, eta gustuko bazuen Eulate kideari utzi. Jokaerak azalpen logikoa zuen, aurreneko partidan ikusitakoaren arabera egokiena aurrelariaren gutiziak betetzea zen. Hautaketa lanak bukatuta Irujok sorbaldatik oratu zuen EPELeko pilota aukeratzailea. Belarrira, erdi barrezka, zerbait xuxurlatu zion, nonbait Juan Mari Juaristi Atano XIII.a-ri ez zion grazia handirik egin esandakoak. Irujori bost, zeharkako begirada eta irri zuria ezpainetan, bera da oilategiko oilarra. Lanak bukatuta Koka eta Belokiren txanda iritsi zen. Asegarcekoak hautaketa lanetan zebiltzala Irujo kontrakantxako lerroan zutik zegoen, kontrarioak zehatz-mehatz aztertzen. Alboan Etxaniz Aspeko kirol zuzendaria eta Atano pilota aukeratzailea zituen, Iberokoak kantxa erdiko epailea zirudien. Artean Eulatek atzean bakarrik piloteatzen zuen. Irujo ez zen isilik egon, eta aurkariei adarra jo zien, sortan gelditzen ziren pilota kaskarren inguruan hitz egiten. Kokak eta Belokik bukatu bezain laster seriotasuna Irujoren aurpegira itzuli zen; aurkarien pilotak probatu behar zituzten. Eulate geldo gerturatu zen, lasai antzean eta Asegarceko teknikari batekin hizketan. Ordurako Irujok Koka eta Belokiren pilotak eskuan zituen, eta besotik tira egin behar izan zion bikote kideari, hiru minutu zituzten pilotak probatzeko eta ezin zuten segundorik galdu. Txantxak bere garaia du, eta pilota aukeraketek serioak behar dute, asko dago jokoan. Irujok, txapeldunak, hori ondo daki. Hautaketa bukatuta Irujok xarma berezia duela kazetarien aurrean ere erakutsi zuen. Asegarcek, Irujok jende asko erakartzen duela jakitun, 40 euroan jarri ditu kantxako sarrerak, beste kanporaketetako partidak baino hamar edo hamabost euro garestiago. Iberokoak ez zituen lagunak ahaztu. «Gaizki iruditzen zait txartelak hain garesti jartzea, ezagun asko etortzen dira ni ikustera eta izorratu egiten nau eurek hainbeste diru ordaindu behar izateak». Esandakoa, kantxa barruan zein kanpoan Juan Martinez Irujo ezberdina da, eta horregatik maite dute nonbait zaleek.