Irujo, jaialdiko hirugarren biktima

Txapeldunak zaintiratua eduki du bizkarrean, eta bertan behera utzi du sanmateoetako partida

IMANOL MAGRO / Berria

Zorte txarra eta lesioak bihurtu dira Logroñoko sanmateoetako protagonista aurten. Iragan larunbatean Olaizola II.a izan zen partida bertan behera utzi zuen lehena. Herenegun, berriz, Belokik atzo ez jokatzea erabaki zuen eskuko minaren ondorioz, eta atzo jaialdiko hirugarren biktima iritsi zen. Jaialdiko estelarrean, Juan Martinez Irujok zaintiratua eduki zuen bizkarrean, eta 8nako berdinketarekin ez jarraitzea erabaki zuen.

Atzokoan, binakako txapeldunak, Irujo eta Eulate, Olaizola eta Peñagarikanorekin jokatzen hasi ziren. Partida hasi bezain laster, Irujok min hartu zuen bizkarrean, eta urdinek alde egin zuten markagailuan (1-5). Iberokoa aldageletara joan zen medikuarekin batera. Bertan hamar minutu egin ondoren, berriz ere kantxara itzuli zen. Hasieran nola edo hala eutsi zion lehiari, eta partida orekatu zuen (8-8). Mina, baina, gehiegizkoa zen, eta arriskatzen jarraitu baino nahiago izan zuen lehia bertan behera utzi.

Mtz. Irujo-Eulate  8

Olaizola I.a-Peñagarik.  8

Iraupena. 29 minutu; jokoarena 10 minutu.

Pilotakada. 213

Saketik. Irujok 1; Olaizolak 1.

Markagailua. 0-1, 1-5, 5-6, 6-7, 7-7 eta 8-8.

Bestelakoak. Sanmateoetako Torneoko partida. Adarragako harmailak bete
egin ziren. Apustuetako dirua Irujo eta Eulateren alde irten zen. 8nako
berdinketarekin Irujok bertan behera utzi zuen partida, zaintiratu
baten erruz. Ordezko partidan Peñagarikanok Eulateri irabazi zion lau
t’erdian (16-4).

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE