2008. urtean amaitzen zitzaion kontratua, baina atzo bertan sinatu zuen luzapena, Eibarren
Berria
Juan Martinez de Irujo buruz buruko txapeldunak Aspe enpresan jarraituko du 2010. urtea arte. Horrela jakinarazi zuen atzo Eibarko enpresak bere web orriaren bidez (www.aspepelota.com).
Iberoko aurrelariak 2008. urtea arte zeukan kontratua Asperekin, baina bi aldeek horrela erabakita, atzo bertan sinatu zuen 2010. urtea arteko kontratua. Buruz buruko nagusia amaitutakoan eskatu zuen Irujok kontratuari buruzkoak berriro aztertzea, bilera bat baino gehiago izan dituzte, eta orain iritsi dira akordio batera. «Eskertzen diot Asperi nigan jarri duen konfiantza, eta orain arte bezala bueltatzea espero dut», adierazi du Juan Martinez Irujok Asperen web orrian. «Manomanistaren ostean hasi ginen luzapena negoziatzen, eta oso gustura gelditu gara bi aldeak lortu dugun akordioarekin», gaineratu du.«Lasaitasuna» ematen dio kontratu berriak Irujori bere kirol ibilbideari aurre egin ahal izateko. «Dudan guztia emango dut, eta 2010era iristen garenean kontratua beste bost urtez luzatzea espero dut».