Iberoko aurrelaria Fernando Goñirekin aritu zen atzo, Atano III.ean Imanol Magro, Berria
Eskuz Banakako Txapelketaren finalerako astebete baino falta ez denean, Juan Martinez Irujok Donostiako Atano III.a pilotalekuan entrenatu zuen atzo. Iberoko aurrelariak ia ordubeteko entrenamendu saioa egin zuen Fernando Goñirekin.
Irujok bere aholku emaile Angel Urzainki eta Aspeko kirol arduradun Jokin Etxanizen zuzendaritzapean egin zuen atzoko entrenamendua. Hala, eta azken honen hitzetan, Iberokoak entrenamendu «motz eta gogorra» egin zuen. Etxanizek zehaztu zuenez, atzoko saioa ez zen ordubetera iritsi eta bi pilotariek ‘peloteo’ saio gogor batekin hasi zuten. Horren ostean manomanistako finalistak hainbat sake erantzun zituen. Atzokoa Irujok aste honetan kantxa gainean eginiko hirugarren entrenamendua izan zen, halere pilota aukeraketa egunaren aurretik oraindik ere beste saioren bat egingo duela aurreratu zuen Etxanizek.
Koka eta Patxi Ruiz (22-11) gailendu ziren Palentzian
Bestalde Koka-Patxi Ruiz eta Berasaluze VIII-Zearrak Gaztela Leongo Esku Pilota Txapelketako lehen kanporaketa jokatu zuten atzo Palentziako La Ensenada pilotalekuan. Lau pilotariek oso ikuskizun iluna eskaini zuten, bertan Koka eta Patxi Ruiz aise gailendu zitzaizkien bikote bizkaitarrari (22-11).
Patxi Ruizek irudi ona eman zuen eta oso sendo agertu zen partida guztian. Kokak aldiz bere bikoteak erakutsiriko nagusitasunaren fruituak probestu baino ez zuen egin; eta hori nahikoa izan zen bere mailatik oso urrun ibili ziren Berasaluze eta Zearrari gailentzeko. Lehia hasi eta berehala hautsi zen, hala bizkaitarrek lehen tantoa erdietsi bazuten ere Koka eta Patxi Ruizek hurrengo hamaikak erreskadan egin zituzten. Hortik bukaera arte ez zen ezusterik egon eta azkenean Berasaluzek emaitza orraztea lortu bazuen ere Kokak bi paretako zail batekin eskegi zuen 22koa. Garaileek Olaizola I.a-Otxandorenaren aurka Briviescan (Soria) jokatuko dute finalerdia .