Iberokoak hatza apurtuta jokatu zuen joan den igandean Zarautzen
I.M. / Berria
Lekeitioko Sanantolinetako torneoak bere erakargarri nagusietako bat galdu du, buruz buruko txapeldun Juan Martinez Irujok ez baitu parte hartuko; Xalak jokatuko du bere ordez.
Aspek ezagutzera eman duenez, txapeldunak ezkerreko eskuko hatz nagia hautsi zuen iragan larunbat arratsaldez Albelda de Ireguan jokaturiko partidan. Igandean, berriz, Zarautzen jokaturiko partidan Irujok hatzan mina zuela jakinarazi zien Aspeko mediku zerbitzuei. Dena den, eta minak min, Iberoko txapeldunak ez zuen partida bertan behera utzi nahi izan eta bukaera arte iraun zuen kantxagainean. Hausiak azalpena eman dio, egun hartan Irujok erakutsiriko joko maila eskasari eta galduriko pilota andanari.Mina zela eta, Aspeko medikuek astelehenean aztertu zuten Irujoren hatza, eta emaitzek haustura bazela argitu zuten. Lesioak bi edo hiru astetan jokatu gabe izango du Martinez Irujo, epe honek txapelduna kolokan jartzen du udako azken torneorako, Logroñoko San Mateotarako hain zuzen. Azken orduko eragozpenari aurre egiteko, Aspek Xala programatu du txapelduna ordezkatzeko. Lekuineko aurrelaria joko bolada gozoan sarturik dago eta Donostia Hiria Torneoa irabazi berri du. Hortaz ostegunean jokatu beharreko torneoko bigarren finalerdian, Xalak eta Elkorok, Leiza eta Ruizekin neurtu beharko dituzte indarrak.
Juaristi: «Donostia Hiriko finalean hanka sartu nuen»
EPELeko pilota hautatzaile Juan Mari Juaristik azken egunotako kritikei erantzun zien atzo. Hala, Atano XIII.ak Donostia Hiriko finalerako materiala baztertzean «hanka sartu» zuela onartu zuen, eta bere lanari dagokionez «kontzientzia oso garbi» duela zehaztu. Era berean, hitz gogorrak izan zituen bi enpresentzat, «iaz Aspetik eskatzen zuten ni kargutik kentzea, aurten emaitzek bizkarra eman dietenez Asegarceko zuzendariak dira nire dimisoa eskatzen dutenak».