Ismael Chafeek eman ditu orain arteko ezustekorik handienak

Irurtzungoak Olaizola I.a eta Martinez de Irujo utzi ditu bazterrean
Gara

Lau Eta Erdiko bi kanporaketa jokatu dituzte, eta Ismael Chafee izan da protagonista. Irurtzungoak Olaizola I.a eta Martinez de Irujo utzi ditu bazterrean. Lehenengoa bazterrean uztea inor gutxik uste zuen, baina bakarkako txapeldunari irabaztea ez zuen ia inork pentsatzen.

Hala ere, Chafeek lana ongi egin du, eta aurkariek emandako erraztasunak oso ongi aprobetxatzen jakin du. Hurrengo kontrarioa Nagore izango du, egungo txapelduna. Hasiera batean, Eibarren jokatuko zutela adierazi bazuten ere, azkenean, larunbatean Iruñean neurtuko dira. Normalena hori da, biak Irurtzungoak izanda, zaleei adarra jotzea izango zelako partida Eibarren jokatzea, eta ongi pentsatuta egin dute aldaketa. Litekeena da partida polita izatea. Chafee finalerdietako ligaxkaren atarian dago, eta igandean ez du galtzeko ezer izango. Nagoreren egoera, berriz, bestelakoa da. Irabaztea normala litzateke, eta galduz gero, sekulako jipoia hartuko luke.

Azkeneko jardunaldiak Barriolak goraka egin duela baieztatu du. Leitzarrak azken bi urteak txarrak izan ditu, eta duen mailara iristen ari da. Hurrengo kanporaketan, ordea, Titin izango du, eta hor galtzak bete lan izango du, errioxarra primeran moldatzen baita kaiolara. Olaizola II.ak ere aurreikuspenak bete ditu orain arte, eta txapela janzteko faborito nagusia dela argi eta garbi utzi du. Larunbatean Agirreri ez zion aukerarik eman, eta lana ongi egin zuen. Hurrengo kanporaketan Capellan izango du aurrez aurre, baina Goizuetakoak ez luke arazorik izan behar, nahiz eta partida Logroñon jokatuko duten.

Oso kontuan hartu beharreko beste pilotaria Xala da. Lapurtarra, isil-isilik, gora dator, eta oso indartsu ari da. Iaz bakarkakoan sekulako ezustekoa eman zuen, eta aurten kaiolan ere oso ongi ikasi duela erakutsi du.Ostiral gauean ez zion inongo aukerarik eman Leitzarari. Egia da bizkaitarra gaixo egon zela joan den astean, eta horren eragina ere izan zuela, baina Lekuinekoa oso ongi dabil. Beloki izango du hurrengo aurkaria. Igande arratsaldean neurtuko dira Eibarren, eta litekeena da partida dotorea izatea, Beloki ere kaiolan oso ongi moldatzen baita.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE