Urrizelki sailkatu zen Elgetako finalerako, Lasak azken tantoa saketik huts egin ostean (22-21)
ASIER MINTEGI/ Berria
Tanto bat batek galdu, eta hurrengoa besteak. Horrelaxe joan zen joan den ostiralean Elgetan jokatutako ETB Kantxa Torneoko finalerdietako partida. Egindako tantoak oso gutxi; galdutakoak, berriz, mordoxka, bai baten aldetik eta bai bestearen aldetik. Urrizelkik 16 eta Lasak 12.
Hala ere, partidako hutsik handiena azken tantoan egindakoa izan zen. Lasa urretxuarra partida guztian atzetik joan zen, baina 21na berdintzea lortu zuen. Azken sakea ateratzeko, saskitik beste pilota bat atera, eta inork espero ez zuena egin zuen: saketik falta. Hantxe bukatu zen dena. Nafarraren poza eta gipuzkoarraren atsekabea.Urrizelkik orain arte jokatuko partidetan oso itxura ona eman du, eta, pilotazale askoren ustetan, txapela irabazteko faboritoa da. Baina asko aldatu beharko du heldu den ostiralean Berasaluze berriztarraren aurka jokatu behar duen finalerako. Joan den ostiralean, partida lehenbailehen bukatzera kantxaratu zela ematen zuen. Bi pilotakada jotzerako tantoa egiten saiatzen zen, nahiz eta menderatuta egon. Lizarrakoak tantoa bukatzen badakiela erakutsi du, bi pareta ederki egiten du, baita dejada ere, baina Berasaluzeri irabazi nahi badio, tantoa gehiago landu eta aurkariaren ezkerra bilatzen saiatu beharko du.Lasari ez zaio oso erraz ahaztuko galdutako aukera. Urretxuarra oso txukun ibili da txapelketan, nahiz eta partidaren batean sufritzea tokatu. Hala ere, oraindik pilotari gaztea da, eta datorren urtean ere, aurten bezala jokatzen badu, onenen artean ikusiko dugu.Kadeteen mailako finala ere erabaki da: Mendizabal gipuzkoarrak eta Idoate nafarrak jokatuko dute. Joan den ostiralean, Mendizabalek arazo handirik gabe irabazi zion Peñasi (22-14), eta finalerako ez dago faborito argirik. Hori bai, txapelketan ikusitakoaren eta pilotari bakoitzak emandako mailaren arabera, Mendizabal antzuolarra faborito irtengo da. Aurtengo finalerako eguna aldatu egin dute ETB Kantxa Torneoko antolatzaileek. Orain artekoak igande eguerdian edo arratsaldean jokatu izan dituzte, baina aurten ostiral iluntzean jokatuko dituzte. Lau protagonistek ez dute jarraitzaileen animorik faltako.