Naroa Mtnz Suarez
Atzokoa, Donostiako Atano III pilotalekuan ikusitako jaialdiak bizitasun askorik ez zuen kantxan izan, baino are gutxiago harmailetan. Partidu ikusgarriegirik ikusi ez bagenuen arren, sarrera apalak deitu zuen arreta gehien, Irujo-Bengoetxea bezalako norgehiagoka batez hitz egiten ari garelarik.
Lehenengoa, partidu piloteatua izan zen, izan ere, ordubete inguru egon baitziren pilota joaz. Azpimarragarriena, Idoate txantrearrak eraman zuen errebotea. Aurrelari nafarrak korrikaldi txukun baten ondoren, pilotak bote eman eta errebotea jo ondoren eraman zuen, tantoa beraientzat izan ez bazen ere.
Bestelakoan, aipatzea, denbora guztian joan zirela gorriak aurretik, gazteenak gerturatzen bazitzaizkien ere.
Bigarren partidua zen, dena den, atzoko erakargarri nagusia pilotazaleentzat. Partida polita izan zen, deigarria bi pilotarien estiloengatik. Irujo, beti bezain erasokor; Oinatz, berriz, defentsan langile. Biak ala biak airez nagusiki.
Hala eta guztiz ere, markagailuan hasieratik suertatutako desberdintasuna dela eta, emozio askorik gabeko saioa ikusi genuen bertaratutakook. Ordu erdi pasatxo inguru, iberoarrak 22-10 nagusitu zen, Oinatzek markagailua azken aldera zerbait txukundu izanagatik.
Esan bezala pilotari bien airezko jokoak arreta gehien deitu zuena izan zen. Baina, aldi berean, jokaldi txukunak ikusi izan genituen, errepertorio nahiko zabala: atzean ezker horman sartuta, airez zabalera botatakoak, bi paretak, dejadak txokoan zein zabalean…
Tantorik gogorrena, beharbada, Oinatzek lortutako bosgarrena izan zen. Abileziaz pasa zen defentsatik erasora eta gantxoz zabalera botatako pilota batek eman zion tantoa.
Tanto horretan dominatzen bukatu bazuen ere, leitzarraren atzoko kondena defentsan aritzearena izan zen. Gainera, txapara joan zitzaizkion jokaldi asko, batzuk erasoan eta besteak kontraerasoa egiterakoan tantoaren bila joandakoan.
Txukunena, Oinatzen azkeneko lau tantoak izan ziren, biak lasaiago zeudelako. Ordura arte behintzat biak. Ondoren, Oinatzek kontrakantxatik ia aurkariaren pilota bat airez eramaten saiatzerakoan, amaitu egin zen partida.
Atzokoaren ondoren, Irujo taldeko lehena sailkatuta pasako da finalerdietara eta datorren asteburuan jakingo dugu zeinen kontra arituko den orduan.
Partidako datuak:
Partzialak (lehenengo zenbakia Irujorena): 5-0, 5-4, 13-4, 13-6, 20-6, 20-7, 21-7, 22-10.
Irujo:
Sakez: 4
Bi paretak: 2
Dejadak: 1
Bengoetxea VI:
Sakez: 1
Bi paretak: 2
Dejadak: 2