Jauzika aitzina

Xalaren bilakaera. Binakakotik buruz buruko nagusira egin zuen jauzi lehenengo, eta buruz buruko nagusitik lau t’erdi barrura orain. Finalerdietan ariko den pilotari gazteena da

ENEKOITZ TELLERIA / Berria

Ekainaren 13a. Donostiako Atano III.a frontoia bor-borka. Eskuz Banakako Txapelketaren finala. Juan Martinez Irujo eta Ives Salaberri Xala. Aurreneko finala bientzat, kirioak dantzan, belaunak dar-dar, askoren eztarriak bero. Pankartaz josi dituzte harmailak. Badira Irujoren aldekoak mordo bat, badira Odon Elorza alkatearen kontrakoak Donostiako Udalaren eta beharginen artean negoziatzeko eskatuz eta badira, noski, Xalaren aldekoak ere beste pare bat. Iparraldetik Donostiara joandako lau pilotazalek eusten diote haietako bati. Ez diote Xalari txapelik eskatzen, ez diote Irujo azpian hartzeko esaten, eskaera bakar bat dute Lekuineko ezkertiarentzat: «Aupa Yves, segi aitzina».

Pankarta bakarrean, esaldi batekin, lau hitzetan bildu dute haren aldekoek Xalaren jarduna. Aitzina, beti aitzina. Aurrera, beti aurrera. Jokamolde bakoitzean aurrera, txapelketa bakoitzean aurrera, 2000. urteko ekainaren 25ean Eibarko Astelenan debutatu zuenetik. Trinketetik ezker hormara lehenengo jauzia, binakakotik buruz buru nagusirakoa hurrengoa, eta buruz buruko nagusitik lau t’erdi barrura egin duena azkena. Etenik gabeko bilakaera da harena.Panpi Ladutxeren eskutik egin du Lekuinekoak bidea. Ikasteko duen ahalmena eta lanerako dituen grina nabarmentzen ditu hark beti bere pilotariari buruz. Kolpea berezkoa du, eta frontoian eta frontoitik kanpora egindako lan eskergaren emaitza da beste guztia. Binaka trebatu zuen lehenengo, baina buruz burukoa sekula albo batera utzi gabe. Iragarle lanetan ez du Ladutxek parekorik. Hasi eta bi urte baino lehen 2. Mailako buruz buruko finala jokatuko zuela iragarri zuen, eta lau urte baino lehen buruz buruko nagusiaren finala. Denean asmatu du, eta 2002an irabazitako binakako txapela sartu zen hor tartean, gainera. «Horrela jarraitzen badu, lesioekin arazorik izan ezean, buruz buruko eta lau t’erdiko txapelak janztea lortuko du», iragarri du orain Ladutxek.Aurten lau t’erdian egin duena harriagarria da. 2001ean hartu zuen parte aurreneko aldiz. Galarza V.aren kontra jokatu eta galdu zuen (22-10). Nagoreren kontra hastea tokatu zitzaion hurrengo urtean (2002), eta galdu egin zuen orduan ere (22-15). Iaz, kanporaketa aurrekoa jokatu eta galdu zuen Gonzalezekin (14-22). Aurten, hiru partida irabazita, finalerdietan da.Bere urterik erregularrena biribiltzeko aukera du Xalak www.manista.com-ek osatzen duen zerrendan bigarren dago, Titin III.aren atzetik. Lehengo ausardia berbera du, baina konfiantza irabazi du asko. Kale bakoitzetik ikasten daki, eta asmatutakoek ez dute haren jarduna lausotzen. 2009a arte du kontratua Asperekin, eta lorpenen tamainako dirusaria eskatzen hasi da jada. Horretan ere, jauzia nahi du egin aitzina.

Datuak

25
urte bete zituen Xalak igandean. Finalerdietako ligaxkan ariko den pilotari gazteena da, baina egun bateko aldeaz bakarrik. Aimar Olaizolak larunbatean egin zituen 25 urte.

Lau t’erdia (2004): Eskaileraren beheko mailatik hasita, ligaxkaraino iritsi da. Ruiz (8-22), Leiza (22-8) eta Beloki (15-22) hartu ditu mendean.

Eskuz Banaka (2004): Eskaileraren beheko mailatik hasita Peñagarikano (22-11), Koka (12-22), Ruiz (6-22) hartu zituen mendean lehenengo. Ligaxkan, Irujorekin galdu (15-22), Eugiri irabazi (19-22) eta Olaizola II.ari irabazi (18-22). Irujoren kontra galdu zuen finala (12-22).

Eskuz Binaka (2004): Finalerdietaraino iritsi zen Pascualekin, eta Titin-Goñi III.a txapeldunen kontra galdu (22-11).

Uda (2004): Donostiako, Logroñoko eta Gernikako torneoak irabazi ditu, eta Lekeitiokoaren finala jokatu.

Partidak (2004): 55 partida jokatu ditu orain arte; 32 ditu irabazita eta 23 galduta.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE