«Jendeak zorrotz aztertzen ditu profesionaletan gazte hasten direnak» Apezetxea

Afizionatuetako urte gozoen ondoren, eta hamazazpi urte baino ez dituen arren, Goizuetako harrobiko azken harribitxia astelehenean hasiko da profesionaletan jokatzen.

IMANOL MAGRO / Berria

Mutil jatorra da Jon Apezetxea (Goizueta, 1988). Galderei bizkor erantzuten die, bat-batean, zalantzarik gabe, eta argi eta garbi azaltzen du esan nahi duena. Azkenaldian elkarrizketa nahikotxo egin dizkiote eta nabaritzen zaio; pilotalekuan bezala, kazetarien aurrean ere zailtzen hasia da. Afizionatuetako urte gozoen ostean, astelehenean profesionaletan jokatzen hasiko da, Tolosan, Auxkinekin bera, Baleztena eta Galarza VI.aren aurka.

Hiru egun falta zaizkizu profesionaletan hasteko. Nola zaude, urduri?

Ez nago urduri, oraingoz ez behintzat. Lasaia naiz neurez, eta partidetan ez naiz urduri jartzen. Astelehenean, agian, urduritasun pixka bat nabarituko dut, profesionaletako lehen partida garrantzitsua delako eta herriko jendea etorriko delako, baina ez dit kalterik egingo.

Oso gazte pasatuko zara profesionaletara. Harro egotekoa da edo erantzukizun handiagoa da?

Erantzukizun handia da, gazte pasatzean jendeak zorrotz aztertzen zaitulako. Bestalde, harro egotekoa ere bada, hain gazte oso gutxi pasatu direlako profesionaletara, baina nik ez diot hainbesterako garrantzirik ematen. Azken finean, hamazazpi edo hemezortzi urterekin pasatzea berdintsua delako. Oso gazte pasatzen den jendearekin ikusleak oso kritikoak izaten dira, eta profesionaletara geroago pasatu beharko nukeela esango duenik egongo da. Baina, tira, aurreneko urteak apurka zailtzen joateko eta ikasteko izaten dira.

Zenbat denbora daramazu profesionalekin entrenatzen?

Bi urte dira hasi nintzela; erritmoa bizian, aldiz, azken urtea baino ez. Pilotalekuko lanean Etxanizen aginduetara jarduten dut, eta prestaketa fisikoa Javi Perezekin egiten dut.

Zein pilotarirekin aritu zara?

Errenterian egiten ditugu entrenamenduak. Han Auxkin, Apeztegia, Larralde eta enparauekin aritzen naiz.

Zer moduz ikusten duzu zeure burua profesionalen artean?

Ondo. Eurekin entrenatzea asko gustatzen zait. Jokoaren abiada askoz handiagoa da, erritmoa ere askoz biziagoa da, oso pilotari indartsuak dira eta jokatzean nabaritzen zaie hori.

Puntako afizionatuetatik profesionaletara dagoen aldea handia al da?

Bai, jauzia izugarria da. Puntako afizionatuen eta profesionaletan Bigarren Mailako partidak jokatzen dituztenen artean alde izugarria dago; asko daukat ikasteko oraindik.

Zertan aritzen zara okerren?

Defentsan. Profesionalekin defendatzea askoz zailagoa da, abiada askoz handiagoa delako. Arlo guztietan asko hobetu beharra daukat, eta asko dut ikasteko. Gaur egun, baina, defentsa da gehien landu behar dudana.

Zerbaitek beldurtzen al zaitu?

Ez nau deusek ere beldurtzen; errespetua, berriz, denak ematen dit. Jokoak, beste pilotariek… denek errespetua merezi dute, baina beldurrik ez. Ni gaztea naiz eta berriz diot asko dudala ikasteko.

Aimar Olaizolaren lagun mina zara, aholkurik eman al dizu?

Bai, lasai egoteko eta barnean dudan guztia erakusten saiatzeko esan dit.

Zaila egokitu zaizu lehen partida, txapelketakoa gainera. Ez al da gehiegi hasteko?

Nahiago nuen aurretik beste partidaren bat jokatu. Hasteko, txapelketakoaren ordez, jaialdi arrunta hobea litzateke; baina, tira, hori egokitu zait eta pozik nago.

Afizionatu mailan eginiko urteetan sona handia lortu zenuen, eta zure lehen partidak ikusmin handia sortu du. Zuk nabaritu al duzu?

Ikusmina? Beno, kazetari askok deitu didazue, eta herrian askok galdetzen didate, baina ez dut uste hainbestekoa denik. Ni barnean dudana erakusten saiatuko naiz, eta nire jokoa egiten. Gaztea naiz eta apurka-apurka ikasten joan beharra daukat, urtebete, bi urte… behar direnak.

Presiorik nabaritzen al duzu?

Ez. Esan dudan bezala, nirea erakusteko eta besteena ikasteko, denbora asko dut. Gaztea naiz eta ez dut presarik. Jaialdietako hirugarren partidetan asko dut ikasteko oraindik.

Herriko jenderik ez zaizu faltako?

Goizueta herri pilotazalea da, eta aurretik bi profesional edukitzeak asko egin du pilota zaletasunaren alde. Astelehenean jokatuta, agian, jende askori zail egingo zaio joatea, bai ziur zenbaitzuk batuko direla.

Eta ikasketak? Pilotan jokatzeaz gain, zer ikasten duzu?

Bai, mekanika modulu bat egiten ari naiz, Hernanin.

Gogoko dituzu motor kontuak, beraz?

Bai, oso gainera. Teoria eta praktika lantzen ditugu. Praktika gogokoago dut, baina biak dira beharrezkoak.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE