Amillategi
Merezi dute goraipatzea Lasak eta Merinok. Aspaldian ez dugu pilotazaleok horren beste disfrutatu bikotekako txapelketari dagokion partidu batekin. Kalitatea eta emozioa nagusi izan ziran atzo Astelenan. Ohituta gaude pilotariak txapelketetako erritmoetara moldatzen, batzutan ahal duten neurrian, besteetan emaitzaren ehizean. Atzo ikuskizuna izan zen nagusi, pelotazaleen gozamenerako.
Lasak erremate anitz egin zituen, gehienak ondo burututa. Pilotari hau lehen aldiz ikusi nuenean frontoian, duela urte bat eta erdi, iruditu zitzaidan ahalmen onak zituela, beharbada jokoaren ulermen hobeagoa falta zuelarik. Badirudi presiorik gabe jokatzeak ondo egin diola. Lasak orotariko jokoa egiteko gai den aurrelaria da, atzeratzen, mozten eta errematatzen. Gero ta txukunago aritzen da, noiz sartu behar den eta noiz utzi, hobeto hautatuz. Horrela jarraitu behar du Lasak, burua erabiliz jokaldiak egiterakoan. Ez litzaioke gaizki etorriko Julian Retegiren partiduen bideoak errepasatuko balitu.
Merinoren kasua apartekoa da. Igandean erakutsi zuen bezala, inork baino hobeto gozatzen du pilota. Beste atzelari batzuk gehiago atzeratzen dute, baina gozatu, hori Merinoren espezialitatea dela dirudi. Inteligentzia erabiltzen du kantzan. Hori da bere ezaugarri nagusia. Horretaz baliatuz, Begino, bera baino askoz atzelari jotzaileagoa, menperatu egin zuen une askotan. Hala ta guztiz ere, gaztea da, oso gaztea. Egin gabe dago oraindik. Bai fisikoki, eta bai mentalki gogortu beharko da hurrengo urteetan. Lau t’erdian Idoatek irabazi zion, beraz bere adineko pilotarien artean ere badauka aurkari prestaturik. Ez dezatela enpresek gehiegi erre eta kazetariek gehiegi goratu, luzarorako proiektua izan behar du eta.