Kaiola barnean pizteko gogoz

Xalak azken hilabeteetako hobekuntza luzatu nahi du lau t’erdikoan, finala helburutzat jarri ez arren

IMANOL MAGRO / Berria

Azken urtea oso gogorra izan da Yves Salaberri Xalarentzat. Iazko lau t’erdiko finala jokatu zuenetik bere jokoak beherakada izugarria jasan zuen hilabetez. Binakakoan ilun, buruz buru hondoa jo zuen Lekuinekoak. Segidan, uda ere ez zen erraza izan, eta azken hilabeteetara arte ez du maila egokirik lortu. Susperraldia, baina, apurka luzatu egin da, eta azken jaialdietan txapeldunordeak duela urtebete lau t’erdian emaniko jokoaren lehen printzak erakutsi ditu.

Lekuinekoak atzo aukeratu zituen Irujoren aurka biharko final-laurdenean erabiliko dituen pilotak, eta kazetarien aurrean bere bolada txarra gogoratu zuen. «Iazko negu eta udaberri kaskarraren ostean orain ondo nago. Uda bukaeran hobera egin dut, eta gorakada lau t’erdikoan antzeman nahiko nuke». Xalak zortzi entrenamendu saio berezitu egin ditu, eta buru belarri lan egin arren iaz lorturikoa baino helburu samurragoa jarri dio bere buruari. «Nire helburua lehen partida irabaztea da, ligaxkan sartzeko; gero gerokoak».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE