Leitzako Aurrera eta Bidegoiango Aurrera-Saiaz sailkatu ziren Berria Txapelketako bigarren saioan
Berria
Asteburuan jokatu ziren III. Berria txapelketako bigarren jardunaldiko bi kanporaketa. Talde indartsuenek egin zuten aurrera. Leitzako Aurrerak eta Bidegoiango Aurrera-Saiazek.
AURRERA (Leitza) 53; ANDAZPE-PEÑA PAGOLA (Usurbil) 47
Kadeteak: Alduntzin-Bergera 22; Esnaola-Esnaola 10.
Jubenilak: Sagastibeltza-Lansalot 22; Ezeiza-Zinkunegi 15.
Nagusiak: Iriarte-Betelu 9; Huizi-Arruti 22.
Kadeteen partidan egon zen kanporaketaren gakoa. Emaitzak adierazten duena baino partida luzeagoa eta gogorragoa jokatu zuten, eta Andazpekoek zazpi tanto gehiago egin izan balituzte, aurrera egiteko modua izango zuten. Tantoak, ordea, nafarren aldera erori ziren. Aipatzekoak Bergerak erakutsitako indarra eta Eñaut Esnaolaren ausardia.
Jubeniletakoa gertatu zen lehia orekatuena, nahiz eta huts asko egin guztiek. Nafarrek hobeto jokatuta irabazi zuten, eta Sagastibeltza izan zen onena. Adinez kadetea da, eta Nafarroko txapelduna.Azken partidan, nafarrek nahikoak zituzten hiru tanto eta 11-3koan amaitu zen dena. Hala ere, Huizik eta Arrutik, bikote handia osatzen dutela erakutsi, eta erraz irabazi zuten.
OIZPE (Berriz) 47; AURRERA SAIAZ (Bidegoian) 65
Kadeteak: Alberdi-Perosanz 22; Oiartzabal-Agiriano 21.
Jubenilak: Etxaniz-Agirrezabal 6; Telletxea-Galarraga 22.
Nagusiak: Albizuri-Iraeta 19; Renobales-Zapirain 22.
Jubeniletakoan egon zen kanporaketaren gakoa. Berriztarrek taldea ez indartzea erabaki zuten, eta etxeko sei pilotarirekin aritu ziren. Lanak eman zizkien horrek, aurrean afizionatu mailako talderik indartsuenetakoa izan zuten-eta.
Kadeteetakoa orain arte txapelketan ikusi den partidarik onena izan zen. Lau pilotariak aritu ziren oso ondo. Bizkaitarrak agian hobeak dira, baina erasoan asko ibiltzen denak hutsak ere egiten ditu. Bidegoiangoek defentsan lan handia egin zuten. Perosanz eta Agiriano nabarmendu ziren.Jubeniletan ez zen gauza berezirik ikusi. Telletxeak eta Galarragak, arriskurik hartu gabe, ederki egin zuten euren lana, eta taldea15 tantoz aurretik jarri.Nagusien partida oso lehiatua izan zen, baina ez ona. Atzelariek egin zituzten huts asko. Gipuzkoarrek azkar egin zituzten behar zituzten zortzi tantoak. Politena, Albizuri eta Renobales aurrelarien lehiatzeko modu bizia. Tolosako Beotibarrera joan zirenek oso ondo pasatu zuten.