Kalkulagailuaren txanda da

Argazkia: Fernando Pidal

Bi hilabete baino gehiago pasa dira Binakakoa hasi zenetik, eta azkenean txapelketa iritsi da bere unerik gorenera. Orain bai. Benetako lehiaketa abiatzear da.

Txapelketa hasi aurretik antolakuntza gogor kritikatu nuen. Lehiaketa luzea, norgehiagoka asko, lesioak izateko aukera gehiegi, nekea… Egia esan, hiruzpalau norgehiagoka kenduta, ez da egon zer azpimarratu. Hurrengo urterako formula berriren bat pentsatu beharko lukete, bestela…

Baina, tira, pilotazaleon unea iritsi da. Urtero-urtero garai honetan eskuetan izaten dugun kalkulagailu zaharra armairutik atera, hautsa kendu, eta jarri gaitezen numeroak egiten. Gure momentua hau da. Gozatu dezagun.

Binakako Ligaxka amaitzeko jardunaldi bakarra faltan, ia dena erabakitzeke dagoela dirudi. Nik, ordea, ez dut uste sorpresa handiegirik egongo denik.

Xala-Barriola, Olaizola II-Begino, Bengoetxea VI-Ruiz eta Gonzalez-Laskurain bikoteak finalerdietan ikusten ditut. Hori bai, kirol hau ezagututa, ez naiz apusturik egiten ausartuko.

Xalak eta Barriolak orain jardunaldi bi egin zituzten beren eginbeharrak, eta azken neurketara lasai asko iritsiko dira. Aurrean Bengoetxea VI.a eta Patxi Ruiz izango dituzte. Honek finalerdietarako txartela erdia poltsikoan dute, baina hogeita bira iristea beharrezkoa dute estutasunik ez pasatzeko. Izan ere, galduz gero beste bikoteei begira jarri beharko lirateke. Momentuz, 8 tantu alde dituzte «averagean».

Olaizola II.ak eta Beginok Titin III.a eta Pascual izango dituzte aurkari. Asegarcekoek sei puntu dituzte; bat gutxiago Aspekoek. Lehenengoek aurrera egingo lukete hogeita bira iritsita. Bigarrenek, aldiz, hogeita bira iritsi, markagailuan alde handiarekin gainera, eta Bengoetxea VI.aren eta Gonzalezen garaipenak ere beharko lituztekete. Ez da gutxi!

Gonzalezek eta Laskurainek Berasaluze VIII.aren eta Apraizen aurka jokatuko dute. Aspeko bikoteak bost garaipen ditu, eta seigarrena beharko luke. Hala ere, galduz gero, Titin-Pascual eta Irujo-Merino bikoteak hogeita bira ez iristea nahikoa dute finalerdietarako txartela eskuratzeko. Asegarcekoen kasua konplexuagoa da. 22-9 irabazi beharko lukete, eta Irujoren eta Titinen porroten zain egon.

Irujo-Merinok ere oso zaila dute. Arretxe II.a eta Ibai Zabala erraz gailendu beharko dituzte, markagailuan alde handiarekin, eta beste emaitza batzuen zain egon.

Beraz, esandakoa, iritsi da gure unea. Jarri ditzagun martxan kalkulagailuak

2 comentarios en «Kalkulagailuaren txanda da»

  1. Idatzi duenetik dena erdi gezur.Titinek 4 tantoz irabazita soilik Olaizola kanpoan geratuko litzateke.Ta ikusita Beroizekin egin zuen partidua ta asegarceko bikota nola dabilen jokuz nik asperen bikoa ikusten dut finalerditan.

  2. Kaixo Gunter,

    Ez nator bat erdi-gezurretan aritu naizela diozunean. Egia da Titinek eta Pascualek ez dutela hainbesteko aldearekin irabazi behar. Nire errua ez dudalako behar den bezala azaldu. Dena den, zaila iruditzen zait finalerdietarako txartela eskuratzea. Aimar eta Begino bikote indartsua dira, eta sailkapena errazago daukate. Besterik ez. Dena dela, apusturik ez dizut egingo, Titin tartean egonda edozer gauza gertatu daitekeelako :)

    Eskerrik asko komentarioagatik.
    Unai

Los comentarios están cerrados.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE