Chafeek lau t’erdiko txapelketako final-laurdenetarako txartela lortu du, Irujo kanporatu ostean
Imanol Magro / Berria
Azken egunotan hizpide izan da, atzoko bi aurkariek entrenamendu saioak elkarrekin egiten zituztela, Aspeko beste pilotari nafarrekin batera. Guztira zortzi dira Uharten batera entrenatzen diren pilotariak; zortziek ala zortziek Uharteko klana deitzen diote beraien lan taldeari, eta atzo Beotibarren estatu kolpea izan zen klanean.
Buruz buruko txapelketa irabazi zuenetik, Martinez Irujo zen klaneko buru; atzo, ordea, klaneko langile sutsu eta umilena taldeko nagusiari gailendu zitzaion. Atzoz geroztik klan nafarrak buru berria dauka, Ismael Chafeek aginduz eta merezimendu osoz irabazi baitzuen buruz buruko txapeldunaren aurkako lehia.
Astean eginiko adierazpenetan, Chafeek bere jokoa egitea hartu zuen helburutzat, eta horixe lortu zuen. Irurtzungoak, defentsa lan izugarria eginez, ez zion Irujori pentsatzen utzi: etengabe airez sartuz, ito egin zuen. Erasoan, aldiz, lehen tantoetako urduritasuna alde batera utzi zuenean, serio jokatu zuen. Aurkaria ezin hobe mugitu zuen, Irujoren boleak bizkor erantzun eta erabaki egokiak hartu zituen tantoa bukatzeko. Eutsi, agindu, estutu eta ez barkatu, estatu kolpearen giltza. Irujok ez zuen maila egokirik eman. Oso trakets aritu zen partida osoan, kantxa gainean bere tokia aurkitu ezinik, gozatzerik lortu gabe. Honetaz gain, Chafee markagailuan hurreratu zitzaionean ezin izan zien kirioei eutsi, eta bere ezinegonak nabari zamatu zuen bere errendimendua.
Chafeeren erreakzioa
Urduria, horixe da atzoko partida egokien laburbiltzen duen hitza. Urduria pilotakada kopuru urriarengatik, urduria joko bizkorrarengatik, urduria markagailuan egon ziren aldaketengatik, eta urduria ez Irujok ez Chafeek lasaitzea lortu ez zutelako.
Partida hasi aurretik Beotibarreko katedrak dirua Irujoren alde bota zuen, 100-30i, eta honek ez zien kalerik egin harmailetako jakintsuei. 7-4 hasteko, 45 pilotakada baino ez, erritmo bizia, eta Irujo gozatzen. Iberokoak, Chafeek bere tokia aurkitu zuen arte eutsi zion lemari (10-7). Sakea behartuz eta airez sartuz, aurkariaren hutsak eragin zituenean, Irurtzungoak 10 tanto lortu zituen errenkadan: 10-17. Urduritasuna nagusi zen harmailetan eta Irujoren ezina bere garrasietan urtu zen . Iberokoak tartea murriztea lortu bazuen ere, (14-18)ordurako Chafeek sinetsia zuen partida irabaz zezakeela ,eta ezusterako bidea hartu zuen. Hartu eta iritsi, azken lau tantoak jarraian egin baitzituen. Amaieran, irria Chaferen aurpegian, eta bere alde txakur txikiren bat jokatu zutenengan. Hurrena, Uharteko klaneko beste izen handi bat izango du aurkari: lau t’erdiko txapeldun Jorge Nagore. Gogorra klaneko capo-aren titulua estreinatzeko.