Galarza V.ak eta Agirrek laugarren aldiz jokatuko dute elkarren aurka lau t’erdikoan, gaur, Iruñean (17:00, Tele5)
IMANOL MAGRO / Berria
Udako etenaldiaren ostean, Iruñeko Labrit pilotalekuak ateak irekiko ditu gaur berriz ere. Asegarcek jaialdi polita antolatu du (17:00, Tele 5). Aurreneko partida oso erakargarria da, eta estelarra txapelketakoa. Imanol Agirrek eta Enrike Galarzak lau t’erdiko Txapelketako final-hamaseirenetako partida jokatuko dute.
Agirre eta Galarzaren arteko partida lau t’erdiko klasiko baten laugarren atala izango da. Azken bost urteetan buruz burukoan bi pilotariek elkarren aurka jokatzen duten bosgarren aldia da gaurkoa. Aurrekoetatik hiru kaiolan izan dira (2002an, 2003an eta 2004an), eta laugarrena pilotaleku osoan, iaz. Aurrekoak ikusita, argi dago bien artean ez dela sekreturik egongo, eta zaila izango dela batak bestea ustekabean harrapatzea.