Fernando Arretxeren semea etzi hasiko da profesional mailan jokatzen. Bera, ordea, oso lasai dago eta gozatu nahi du lehen partida.
IMANOL MAGRO / Berria
Hogei urte baino ez baditu ere, denbora askoan aritu da afizionatu mailan. Fernando Arretxeren semea izaki, ikusmin handia sorrarazi du gazte-gaztetatik. Arretxe II.a, baina, ez da konparazioen beldur. Etzi hasiko da profesionaletan, Labriten, Ruizekin bikote eginez. Aurrean Unanue eta Peña izango ditu.
Etzi amets bat beteko duzu.
Bai, bizi osoa entrenatzen pasatu ondoren maila gorenean jokatzen hasteko garaia dela ikusten dudalako. Nire betiko ametsa betetzen ari dela ikusten dut.
Lehenengo partida jokatzeak beldurtu ala motibatu egiten zaitu?
Motibatu egiten nau. Oso partida polita egokitu zait hasteko. Badakit Unanue puntako jokalaria dela eta bere onena emango duela, berak hala esan baitit. Ilusioz beteta nago, baina lasai irtengo naiz.
Bikotekideaz ezin zara kexatu: Patxi Ruiz alboan izango duzu.
Inola ere ez; txapeldun handi bat izango dut bikotekide. Partida izugarria da hasteko, egon litekeen onenetarikoa.
Zerbaitek urduri jartzen al zaitu profesional mailara pasatzeagatik?
Profesional mailan eskuek ondo eutsiko ote dioten beldur naiz, eskuak gaizki badaude jokatzea ezinezkoa delako. Halere, baikorra naiz, eta gauzak ondo aterako direla uste dut.
Zenbat denbora daramazu Asegarcerekin lanean? Ongi egokitzen ari zara?
Urte eta erdi daramat Gasteizen entrenatzen, kontratua sinatu nuenetik. Egokitzea oso garrantzitsua da, behar-beharrezkoa profesionaletako abiadura eta erritmora ohitzeko. Halere, oso ondo dakit oraindik asko dudala hobetzeko.
Entrenamenduetan takoak Olaizola, Ruiz eta halakoekin jartzeak ilusiorik egiten al dizu?
Oso gauza polita da, benetan, zeure burua han ikustea, pilota munduko handiekin batera. Ilusioz beterik eta oso pozik nago beraiekin entrenatzen naizelako. Orain, profesionalekin hasteko garaian, lan horrek askorako balio izango dit.
Zure aita txapeldun handia izan zen. Horrek estutzen al zaitu? Konparazioak gogoko al dituzu?
Konparazioak ez dira inoiz faltako. Baina, beno, aita atzelaria zen eta ni aurrelaria naiz; hortaz, biok alderatzea zailagoa izango da. Gero, buruz buru hasten naizenean, alderaketak egin ahal izango dituzte, baina oraingoz nolako pilotaria naizen erakutsi nahi dut lehenbizi.
Aitak asko lagundu zaitu bidean?
Berak dena erakutsi dit, fisikoki eta teknikoki. Beti laguntzen nau eta oso pozik nago berarekin aritzeaz.
Errietarik egin al dizu?
Bai, bai, noski, errietarik ez da falta izan. Denetarik egon da, errietak eta poztasunak.
Azken astea nolakoa izan da etxean? Lehen partidaren inguruan asko hitz egin al duzue?
Emozioz betea izan da. Iragan astean esan zidaten etzi hasiko naizela jokatzen, eta harrezkeroztik oso pozik gaude. Gainera, hasteko, sekulako partida antolatu dute, eta ahalik eta hoberen jokatzeko gogoz nago.
Aholku berezirik eman al dizu aitak?
Aholkuak, betikoak. Unanue errematatzaile handia dela eta pilota indarrez astintzeko, indarrez eta abiadura handiz, eta hutsik ez egiteko!
Asegarcek gazte askori emango die aukera orain: Mendizabal, Diaz, RetegiÉ Hori seinale ona da.
Denak oso maila onean jokatzen ari dira, afizionatu mailan asko jokatu dute eta profesionaletan hasteko irrikan daude.
Zuk asko jokatu duzu afizionatu mailan. Zer-nolako oroitzapenak dituzu?
Oso epe polita izan da. Asko gozatu dut, torneoa askotan aritu izan naiz eta lagun asko egin ditut. Ez dut ahaztuko profesional mailara iristeko hor egon behar izan dudala.
FERNANDO AITAK IKUSITA
«Urteekin, punta-puntako pilotariekin egongo da»
Fernando Arretxeren begiek dir-dir egiten dute semeari buruz hitz egitean. «Jokatzen hasteak izugarri poztu nau, orain arteko epe guztiak oso ondo bete ditu eta orain pausorik zailena falta zaio». Semearen dohainak eta aukerak zenbatzean, Arretxek egokitze prozesuaren garrantzia errepikatzen du behin eta berriz. «Profesionalekin entrenatzen urtebete egin badu ere, oraindik asko zaildu beharra dauka. Nirekin hasi ziren gazteek, Titinek, Olaizola I.ak, Agirrek… denek moldatzeko epe bat behar izan zuten, eta Ikerrek ere pasatu beharko du bere jokoa erakutsi aurretik».
Semea ziur dago aitarekin konparatuko dutela. Aitak, berriz, bat aurrelaria eta bestea atzelaria izateak Ikerri mesede egingo diola uste du. «Nire lorpenak berdintzea asko kostako zaio, gaur egun profesionaletan sekulako maila dagoelako». Aurrera begira jarrita, semeak arrakasta izango duela uste du Fernandok. Hori bai, horretarako lan gogotik egin beharko duela nabarmentzen du. «Urteekin urrun iritsiko dela uste dut, baina hau oso lasterketa luzea da. Gutxika-gutxika bere jokoa garatuz doa, eta urteekin arrakasta lortuko du». Lehen partidaren aurreko egunetarako aitak aholku bakarra eman dio semeari: lasai egoteko. Azken egunetako zalapartak bera jokatzen hasi zenekoa gogorarazi dio, eta guztiz desberdina izan zela azaldu du. «Nirea guztiz desberdina izan zen. Inork ez ninduen ezagutzen, jaioterrian pilota afizio gutxi zegoelako. Berak askoz presio handiagoa du; halere, nik ondo ikusten dut, ez baitago urduri».