Ludovic Laduche eta Thibault Basque pilotari lapurtarrak Markina-Xemeingo Grand Slamerako sailkatu dira. Horretarako bi aurre-kanporaketa gainditu behar izan dituzte, azkena gaur eguerdiko finala. Partida luze eta gogor baten ostean, Laduche eta Basque 2 set eta 0 atera dira garaile Jokin Arbe eta Gorka Mugartegi «Atain» etxeko pilotarien aurka. 15-13, 15-12.
Thibault Basqueren kasuan, bera da egungo txapelduna, Barandikarekin iaz Markina-Xemeingo titulua irabazita. Beraz, bi aurre-kanporaketa gainditu behar izan ditu bidartarrak, txapelketa jokatu ahal izateko. Iñaki Osa Goikoetxea, ERAMAN enpresako kirol zuzendariak, Grand Slameko kamisetak eman dizkie aurre-kanporaketa hauetako irabazleei. Jai Alai Leaguen barruan, Slam kategoriako txapelketa guztietan ari dira aurre-kanporaketak jokatzen, pilotari gehiagori Ligan parte-hartzeko aukera emanez.
Sailkapenarekin batera, Jai Alai Leaguerako puntuak ere egon dira jokoan. Laduchek eta Basquek 500 puntu eskuratu dituzte, Arbek eta Atainek 300, finalerdietara iritsi ziren bikoteek 180 (Bixente-Manci eta Javier-Danel) eta final laurdenetan kanpoan geratu zirenek, 90 puntu (Urreisti-Unda eta Celaya-Salegi).
Hurrengo egunetan jarriko dira bonoak salgai eta Bilboko Iron Cup-a bukatu bezain laster, Markina-Xemeingo bikoteak emango dira jakitera. Ligako 8. proba da Bilbokoa eta 9.a izango da ekainaren erditik aurrera Unibertsitatean jokatuko dena.