LADUCHEK ETA BASQUEK, MAHAI GAINEAN KOLPEA


GOITIA-GORKA vs JOHAN-DEL RIO: 8-15, 15-12, 1-5

LADUCHE-BASQUE vs BARANDIKA-LOPEZ: 10-15, 15-12, 5-2

* Barandika eta Lopezi irabazita, A multzoko sailkapena konplikatu diete Erkiaga eta Zabalari.

* Bizkaitarrek 2-0 irabazi behar dute hurrengo jardunaldian. Laburtarrek, set batekin nahikoa dute.

* Johan-Del Rio eta Barandika-Lopez, finalerdietan daude.

* Publiko asko eta giro ederra Markina-Xemeingo Grand Slamaren 2. jardunaldian

Partidu ederra. Gogorra. Ondo, oso ondo jokatua. Piloteatua. Ikuskizun ederra eman digute Laduche-Basque eta Barandika-Lopez bikoteek, Markinako Grand Slameko bigarren jardunaldian. Lapurtarrek irabazi dute, baina berdin berdin izan zitekeen alderantziz. Ez du axola. Ederra da Lopez eta Basque errebesez soltatzen ikustea. Leher eginda amaitu zuten biek. Barandika eta Laduche berriz, fisikoki beste maila batean daude. Errebotean bikain, defentsan zer esanik ez, piloteoan serio… hori da pilotan jokatzea hori! Katedrari gustatzen zaion partidu mota klasikoa. Asebeteta atera dira Unitik pilotazaleak, aspaldian ez baita hain partidu gogor eta borrokaturik ikusi. 

Barandika eta Lopezentzat nahikoa zen set bat irabazte. Porrotarekin ez dira gustora egongo, baina finalerdietan daude. Laduche eta Basqueren garaipenak gauzak asko konplikatu dizkie Erkiaga eta Zabalari. Bizkaitarrek 2-0 galdu zuten estreineko jardunaldian. Datorren astekoan 2-0 irabazi behar dute finalerdietara pasatzeko. Laduchek eta Basquek berriz, nahikoa dute set bat irabaztea. Hala ere, partida irabaztera aterako dira. Hala abisatu dute.

Partidari hasiera emateko, itzelezko tanto luzea jokatu dute lau pilotariek. Hala joan da partida bera ere. Luze eta gogor. Tanto gehienak, ondo landutakoak izan dira eta teknikoki erremate oso onak egin dituzte Ludovicek eta Xabierrek. Lehen jokoan, 6-8 jarri dira aurretik horiak (Barandika-Lopez) eta abantaila handitu dute hurrengo tantuetan. 7-13koa bikaina izan da, Barandikak errebotean zabalean amaitutakoa. Laduchek ere egin ditu, sake errestoan dejadaz adibidez. Lopez ere saiatu da, baina bere hormabiko bat kontrakantxara bidali du, frontisaren «eskapadak». 10-15 bukatu da lehen jokoa.

Bigarrenean 1-7 jarri dira Barandika eta Lopez aurretik, baina ez diote abantailari eutsi. Partida gogortzen eta gogortzen joan da. Barandikak, errebotean hormabikoz egin du tantua (1-7) eta Laduchek beste hormabiko batekin erantzun dio, errebesez (2-7). Zortzinakoan iritsi da berdinketa eta lehen aldiz, 9-8 jarri dira lapurtarrak aurretik. 10na eta 11na ere egin dute, 14-12koa itzelezko tantu gogorra eta ona izan da eta 15garrena, txapa gainean suabe suabe utzita egin du Laduchek (15-12). Desenpateakoan, tanto on bi egin dituzte horiek: Lopezek hormabikoz eta Barandikak, pilota oso zaila sartu eta txapa gainean moztuta. Hala ere, bost tantu behar dira irabazteko eta lapurtarrek egin dituzte bostak. 

Datorren astean edozer pasa daiteke. Erkiaga-Zabalak 2-0 irabaztea, lapurtarrek set bat irabazi eta eurek sailkatzea, edo lapurtarrek eurek partida irabaztea. Dena dago zabal zabalik. Horren arabera definituko dira multzo horretako lehen eta bigarren postuak.

B multzoan, Johan eta Del Rio pasako dira lider moduan. Lehen partidan 2-0 irabazi zuten (4 pt) eta bigarren honetan 2-1 (3 pt). Zazpi puntu dituzte, Goitiak eta Gorkak puntu 1 eta Olharanek eta Ibarluzeak zero. Bi hauen arteko partida irabazten duena, finalerdietara. Johan eta Del Rio nagusi izan dira partidan. Askoz segurtasun gehiago transmititzen dute, Johanek saketik bertatik gauzak ondo egiten ditu, errebesez itzelezko pilotakadak botatzen ditu eta Del Riok dantzan jartzen ditu aukariak, bere eskumarekin. 

Markinakoa Bilboko errebantxa izan bada, Johanek lehen pilotakadatik irabazi dio Goitiari. Honek, lehen sakea hormabikoz atera du, baina Johan biarriztarra, adi, pilota harrapatu eta berak amaitu du tantoa. 3-8 jarri dira hasieratik, horiak aurretik. Gorka Sorozabal bere mailatik behera ibili da eta aurrean ere Johan izan da dominatzaile. Aurrelari lapurtarrak tanto ederrak egin ditu, errebesez errebotean. Pilotari indarra ematen dio, besoekin zein gorputzarekin, frontisean jeitsi, jagi handia eragin eta tanto bihurtuz. Alexek pilota zailak eraman ditu, ezkerreko horman saltoka ibili da eta zaleen bultzada handia izan du. Lehen setean ez dute izan aukerarik (8-15) baina bigarrenean bai. 

Ez zuen itxurarik. Zortzigarren tantuko atsedenaldira horiak iritsi dira, lau tanto aurretik. Baina Gorka kantxan asentatuz joan da, Goitiak pausu batzuk atzera egin eta punpa-gora jarri da («bote-corrido») Del Rioren pilota zailetara sartuz. Markinarrak «guillermina» bi bota ditu (errebesez behetik hormabikoak), bata sarera baina bestea tanto eta 8-10 zioazenean partida berotu egin da: Gorkak horma-bikoa bota, Johanek eraman baina ezker eskua sarean pausatuta. Txarra eman diote epaileek eta kexatu egin da. Publikoa ere berotu egin da, epaileek ondo erabaki dutela ulertuta. Kontua da, Iparraldeko frontoietan ontzat ematen dutela eskua sarean pausatzea, baina Hegoaldeko epaileek ez. Beroaldi horretan, Goitiak eta Gorkak 10-10 berdindu dute eta hurrengo tantuan, berriz kexatu da Johan, pilotak aurkarien xistera jo baina ez dutelako ezer adierazi. Momentu horretan, partidatik atera ere egin da Sorozabal gaztea, sakez ere pasa bat egin du eta 15-12 irabazi dute jokoa Goitiak eta Gorkak.

Desenpatean, urak berriz baretuta, Johanek egin du lehen tantua hormabiko batekin (0-1) eta baita azkena ere, errebesez azpi azpitik indartsu botata (1-5). Partida bien artean, euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarria ere egin da, pilotari, arduradun eta zesta-eskolako kideak bertan zirela.

Datorren larunbatean, hil ala biziko bi jardunaldi beraz:

OLHARAN-IBARLZUZEA vs GOITIA-GORKA: irabazten duena, sailkatuta. Galtzen duena, kalera.

ERKIAGA-ZABALA vs LADUCHE-BASQUE: Erkiagak eta Zabalak 2-0 irabazi behar dute sailkatzeko. Lapurtarrek set bat behar dute.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE