Bi ordutik gorako partida gogorra eta ona jokatu zuten lau pilotariek
IBARROLA – EZKURRA 47
LARRETXEA – ETXETO 50
Gara
Azken orduan eta asko sufrituta izan bazen ere, Larretxeak eta Etxetok eraman zuten Sarako Pleka sariaren finala, bi ordutik gora iraun zuen partidaren ostean. Neurketa osoan Ibarrola eta Ezkurra finala artean hasi gabe zela trinketera bertaratukoen aburuz faborito zirenak, hain zuzen aurretik joan baziren ere, azken orduan Larretxeak eta Etxetok markagailuari buelta ematen asmatu zuten eta partida zenbait unetan aldapa gora izanagatik, berau iraultzea lortu zuten.
Markagailuak bost eta bosteko berdinketa erakusten zuelarik, Ibarrola, sakatzaile aparta betidanik, jokoaren ekimena eramaten hasi zen. Tanto bikainak egin zituzten gorriek, eta 22-12 aurretik jarri zen bikote faboritoa.
Inoiz ere etsi gabe
Jendez mukuru zegoen 400 bat lagun bildu ziren atzo arratsaldean Sarako trinketa, ikuskizun onaz gozatuko zutelakoan, baita gozatu ere. Partida luze eta gogorra joan zen hasi eta buka, ia denbora osoan atzetik joan arren, irabazle suertatu zirenek sekula ere amore eman ez zutelako.
Meritu itzela izan zuen Larretxea eta Etxetoren balentriak, 47. kartoira iritsi bitarte neurketa berdindu ezinik eutsi baitzioten partidari bizirik, ahal izan zuten moduan. Dena den, partidaren hondar aldera, Ibarrolak maila apur bat jaitsi zuen aurrez egindako ahaleginaren ordainetan, eta bapo baliatu ziren egoera hartaz aurkariak. Jokoa Ezkurra atzelaria- rengana zuzendu zuten eta, talentu handia erabiliz, makina bat pilota trinketeko sarean jarri zuten.
Horiek hala, ezusteko itzela izanagatik, ongi merezitako garaipena eskuratu zuten berdez izan ziren pilotariek. Etxeto izan zen erregularrena.