LARRETXEA-OZAFRAN 40
SORHUET-ETXEKO 36
Jon LEUNDA / Gara
Olivier Larretxeak eta Patrick Ozafrainek Berezkoen Binakako Txapelketako finalerdietako hirugarren partida irabazi zuten, eta finala jokatzeko txartela lortu zuten, atzo, Zuraiden. Azkeneko partida hori datorren larunbat arratsaldean jokatuko dute, Donibane Garazin, Ibarrola eta Ezkurra II.aren aurka.
Sorhuetek eta Etxetok aurretik ekin zioten partidari, eta 16 eta 16an adostu bitarte nagusi izan ziren. Gero, irabazleak aitzineratu ziren, baina haiek ere inoiz ez zuten alderik lortu, eta 29 eta 29 berdindu zuten Sorhuetek eta Etxetok.
Ordura artekoa sekulako zen, eta hamaika kintze bakarrik geratzen ziren; ederrena falta zen. Apustuzaleak dirua noren alde jokatu ez zekitela zebiltzan. Partidako azken kintze horietan Larretxea eta Ozafrain aurreratu ziren, eta bazirudien garaipena berena izango zela, baina Sebastien Sorhuet eta Thierry Etxeto ez zeuden etsitzekotan, eta berriro ere 36-36koa jarri zuten markagailuan. Zailena egin zuten, eta bazirudien bolada on horrek indarra emango ziela, baina hortxe geratu ziren, irabazleak berrogeigarren kintzera joan baitziren zuzen-zuzenean. Garaipena lortu zuten. Atzo Zuraiden jokatu zuten norgehiagoka Binakako Txapelketa horretan aurten ikusi ahal izan den partidarik onena izan zen, laurak bikain aritu baitziren.