Arazo handiegirik ez materialarekin «mozorrotutako» Beotibarrean
Jon ORMAZABAL / Gara
Pilotak aukeratzeaz gain, elkarren aurka partidatxo bat jokatzeko aprobetxatu zuten Titin-Barriola eta Xala-Lasak atzoko material aukeraketa Tolosan. Etxarriko atzelaria aurrelari gisa aritu zen eta txantxez gain, errioxarra ezkerrez justu samar dabilela igartzeko balio izan zion lehiak.
Kanporaketako lehen partida galdu ostean, berriro galtzeak txapelketatik at geratzea ekarriko luke, eta irabazteko Urdulizko partidatik zer aldatu behar duten galdetuta, berehalakoa izan zen bere erantzuna. «Material biziagoaren bila joan gara, pilotalekua ere azkarragoa da eta jokatzeko ere aldatu egingo da. Titin ezkerrez justu dabil eta ea ezkerra bilatzen diogun. Beraiek, Titin ezkerrez justu dagoenez atzera jokatuko dutela uste dut. Aurrekoa bezala, partida gogorra eta luzea izango da», esan zuen.
Aukeraketa luzea
Materialari dagokionean, denbora luzez aritu ziren Xala eta Lasa aukeratzen, Titinek araudiak aurreikusten dituen 15 minutuak amaitzear zirela adierazteko txistu jo zuen arte. Eurek hartutakopilotekin gustura zen Etxarrikoa larru bueltako 106,7;105,4 eta 106,5 gramotako hiru pilota aukeratu zituzten, baina Titinek eta Barriolakoak 103,5; 102,8 eta 104,7koak gehiegi gustatu ez zitzaizkion arren. «Orain sebo asko daukate baina berehala ezerezean geratzen dira», azaldu zuen atzelariak.
Abel Barriolak azaldu zuenez, eurek aukeratutako pilotak lurrean gehixeago ateratzen dira eta gustura ziren.
Goizean Eibarren izan zen material aukeraketa eta inolako arazorik gabe aukeratu zuten. Oinatz Bengoetxeak eta Belokik Barakaldon erabilitako taktika errepikatuko dute Berasaluze saihestu eta Ruizi jo eta horretarako materiala aukeratu zuten, pisuz astuntxoagoak izan ziren.