Hernaniko Udal pilotalekuko harmailetan jende andana zela, Bizkaiko bi pilota elkarteren arteko derbia ikusteko aukera izan da, eta Munitibarko Lea Ibarrak 2-1 menderatu du Orozkoko Olgetan. Ondorengoak izan dira emaitzak.
LEA IBARRA (MUNITIBAR); 2 OLGETAN (OROZKO) 1
KADETEAK. Albizu – Garragerrika 17 Orue – Bárbara 22
GAZTEAK. Kortazar – Zezeaga 22 Beaskoetxea – Iriondo 6
NAGUSIAK. Uriona – Jaio 22 Pagazaurtundua – Urretxu 9
Jaialdiko partidarik estu eta orekatuena izan da kadeteen artekoa. Hasieratik oso berdinduta egon da, berdinketa askorekin. Olgetango atzelari Barbara nagusi izan da piloteoan, moztu ere ondo egin du, eta abantaila horri etekina asmatzen behar bezala ez du asmatu Orue aurrelariak. Kale asko egin ditu, eta Albizu Lea Ibarrako aurrelaria gehiago izan da. Hala, markagailuan 17na zirela, Orue bere onera etorri da eta bost tanto jarraian eginda, Olgetanek eskuratu du lehen puntua.
Emaitzak berak dioen bezala, gazteen arteko lehiak ez du kolorerik izan. Lehen tantoetatik ihes egin dute Kortazar eta Zezeagak, eta ongi kudeatu dute abantaila: 10-5, 18-6 eta 22-6. Zezeaga izan da onena, eskuin eskuarekin kolpe freskoa duela erakutsi baitu. Olgetango bikotea saiatu da tantoak egiten, baina alferrik. Lea Ibarrak kanporaketa berdindu du.
Hala, nagusien arteko demak erabaki du guztia, eta behar baino lehenago falta izan zaio emozioa partidari. Lea Ibarrako Jaio atzelariak dena egin du ongi, eta ez du arazorik izan Uriona lagunarekin batera partida irabazteko. Urionak berak ere lan dotorea egin du. Sakean asmatu du, defentsan ere fin ibili da eta errematean badakiela eraskutsi du. Olgetango bikotea nahi eta ezin aritu da.
Lea Ibarrak final-zortzirenetako kanporaketa Amezketako Zazpi Iturriren kontra jokatuko du.