Laboral Kutxa Emakume Master Cup lehiaketa bere faserik interesgarrienean sartuko da asteburu honetan, izan ere, promozio mailako 141 partiden ostean, igande honetan hasiko baita Lehen Mailako txapelketa Elgetan. Gaur egun esku pilotan aritzen diren 12 emakumerik onenak Debagoieneko herriko pilotalekuan arituko dira goizeko 10.30etatik aurrera, hiru multzotan banatuta. Han izango dira , besteren artean, Leire Etxaniz, iazko txapelduna, Olatz Etxebarria Binakako txapelaren jabea Patri Espinar borrokalari nekaezina edo Maider Mendizabal beteranoa. Baita Eneritz Arrieta ere, iazko Promozio mailako txapela jantzi ostean, aurten onenekin lehiatuko den azkoitiarra. Multzo bakoitzeko bi onenek hurrengo kanporaketarako txartela eskuratuko dute, baita kanporatuen artean tantorik gehien lortzen pilotariak ere, bederatziko taldea osatu arte.