Abel Barriolak eta Aimar Olaizolak ostiraleko partidarako pilotak aukeratuko dituzte gaur; asteburukoez mintzatu da Juan Mari Juaristi
E. TELLERIA / Berria
Abenduaren 19an Gasteizko Ogetan jokatuko den finalean ariko diren bi pilotariak, eta heldu den ostiralean Donostiako Atano III.ean finalerdietako ligaxkako bigarren partidan arituko diren biak berberak direla. Hori diote pilotazale aditu gehienek, hori da asteburuan ikusitakoak utzi duen ondorio nagusia. Abel Barriolak eta Aimar Olaizolak indar erakustaldia egin dutela, ligaxkan eurekin ari diren beste bi pilotariak baino gehiago direla, eta ez omen dutela finalera bidean oztoporik izango. Ostiralean jokoan duten puntua erabakigarria izango dela, baina finalean egingo dutela berriro topo biek.
Ez da kontua hasi eta segituan Jorge Nagore eta Ives Salaberri Xala albo batera uztea, baina ustez aspaldiko urteetako ligaxkarik orekatuena zenak, txapelketan izan diren alderik handienak izan ditu lehen jardunaldian 8-22 amaitu zen larunbatean Iruñean jokatutako partida, eta 22-5 herenegun Eibarren jokatutakoa. Horregatik sortu du horrenbeste ikusmin ostiral gauean Barriolak eta Olaizola II.ak jokatuko duten partidak. Leitzatik eta Goizuetatik hasi dira jada sarrera eske deika. Horrela baieztatu zuen atzo Eñaut Larrañaga Aspeko sarreren arduradunak. «Astelehena izateko dei asko izan ditut. 40 eurotan salduko dira kantxako sarrerak, eta 15 eurotan errebotekoak eta goiko harmailetakoak», argitu zuen. Erreserbak egiteko telefono zenbakia: 661-259009.
Partida jokatu aurreko lehen hitzordua gaur dute Barriolak eta Olaizolak. Pilotak aukeratuko dituzte Atano III.a frontoian (11:30). Lehen jardunaldian erabili dituzten pilotei buruz ez zen kexarik izan pilota aukeraketa egunean, baina partidako egunean zalantza bat edo beste eragin zuten. Iruñeko Labriten Aimarrek erabilitakoren bat motelegia iruditu zitzaien pilotazale askori. Juan Mari Juaristi hautatzailea ez zegoen atzo horrekin ados «Nik Iruñekoekin neukan beldur pixka bat, baina motelak eta biziak neurri aproposean jarrita zeudela uste dut. Behetik eta goitik mugen barruan ibili ziren guztiak, nire iritziz», adierazi du Atano XIII.a-k. Herenegun Eibarren erabilitakoen artean bat gehiegizkoa zela ere aitortu du: «Aukeraketa egunean ez zegoen horrelakorik, baina pilota hark izan zuen erreakzioa ez da normala. Atsekabetuta nago benetan. Txispa joan zitzaion eta bote handiegia egiten zuen. Barriolak berak azaldu zuen hori partida bukatutakoan». Aukeratu zuen egunean bote hura izan balu ez zuela «sekula» aukeratuko argi utzi nahi izan du: «Pilotak, tamalez, ez dizu hitzik egiten». Hori bai, garbi dauka Barriolak ez zuela pilota hari esker irabazi. «Onartzen dut pilotarena, baina Barriolak uneotan edozein pilota bizitzeko moduko kolpea dauka».
JORGE NAGORE
Ez du arazorik izango igandean Xalaren kontra jokatzeko
Joan den larunbatean Aimar Olaizolaren kontra jokatutako partidan, azken txanpan, min hartu zuen Jorge Nagorek orkatilan. Kontrakantxara zabaldutako pilota baten bila, asko behartu zuen bere burua, asko luzatu zuen hanka, eta bihurritu egin zuen. Aldageletara joan behar izan zuen, lotu egin zioten hanka, baina ez zuen arazorik izan partida amaitzeko ez zeukan zegoeneko zereginik ere. Min nola hartu zuen ikusita, orkatilan bertan edo inguruko hezurtxoren batean lesioren bat izango ote zuen beldur zen medikua, baina herenegun ez zuen aparteko oinazerik, eta ez du arazorik izango heldu den igandean jokatzeko. Finalerdietako ligaxkako bigarren partida jokatu beharko du Ives Salaberri Xalaren kontra. Zarauzko Arizbatalde frontoian arituko dira lehen jardunaldiko bi galtzaileak, eta hil edo biziko partida dute, galtzen duena finalean sartzeko batere aukerarik gabe geldituko baita. Pilotak bihar bertan aukeratuko dituzte Zarautzen (11:30).