Irujok eta Goñi III.ak finalerdietarako txartela lortu dute, Gonzalez eta Pascual kanporatu ostean
I.M. / Berria
Martinez Irujok eta Goñi III.ak Binakako Txapelketako finalerdietarako sailkatzea lortu zuten ostiral gauean: izan ere, nagusi izan ziren Azkoitiko Gurea pilotalekuan, Gonzalezen eta Pascualen aurkako final-laurdenetako bigarren partidan.
Ostiraleko norgehiagokak ez zuen zerikusirik izan iragan asteburuan Labriten jokatutakoarekin, Martinez Irujok eta Fernando Goñik oso partida serioa jokatu baitzuten. Irabazleek hutsik ez egitea nahikoa izan zuten bigarren puntua biltzeko. Iberoko aurrelariak ez zuen kanporaketako lehen partidan bezainbeste arriskatu. Erritmo biziko lehia izanagatik, burua hotz eduki zuen, eta, Fernando Goñiren aholkuei, jarraituz partidako jaun eta jabe bihurtu zen. Guztira, 11 tanto lortu eta hiru baino ez zituen galdu. Atzeko kodroetan, berriz, Goñi III.a ederki aritu zen. Zubiriko atzelariak, tantorik ez galtzeaz gain, piloteoan nagusitu zen. Aurkarien aldetik, Sebastien Gonzalez izan zen irabazleei aurre egin zien bakarra. Azkaindarrak partida bere gain hartu nahi izan zuen, eta tanto ederrak hutsekin tartekatu zituen. Iñigo Pascualek, berriz, sasoi onean ez dagoela erakutsi zuen berriro. Piloteoan ezin nagusiturik, ez zuen Irujoren bolea jokoa saihesterik lortu.
IRUJO-GOÑI III.A 22
GONZALEZ PASCUAL 15
Iraupena: 58 minutu.
Pilotakadak: 418.
Saketik: Martinez Irujok 3 eta Gonzalezek bat ere ez.Markagailua: 4-0, 6-2, 7-3, 8-6, 11-6, 11-8, 14-8, 14-11, 16-12, 18-14, 19-15 eta 22-15.
Bestelakoak: EPELek antolaturiko Eskuz Binakako Txapelketako final-laurdenetako partida. Azkoitiko Gurea pilotalekuko harmailak leporaino bete ziren.