Aurrenekoz ari da binakakoan, baina ez zaio nabari. Kirioak aldendu ditu, sendo eta seguru dabil jokatzen, eta behin orkatila sendatuta, begiz jota ditu finalerdiak.
Iñigo Leizaren (Lemoa, 1980) hitzek hautsi dute Zornotzako pilotalekuko aldagelako isiltasuna. Bikotearen «bozeramailea» Zearra dela dio txantxetan takoak jartzen dituen bitartean. Kidearen eta Eulateren alboan lasai mintzo da, eta orkatilan ez duela minik sumatzen azaldu du lehenbizi.
Zer moduz duzu orkatila?
Orain arte handituta izan dut, baina azken egunotan hobera egin du. Hantura ia guztiz jaitsi da, eta ez dut minik.