LEKEITIOKO FINALA ERABAKITA

GOIKOETXEA-LEKERIKA vs LADUCHE-ATAIN: 14-15, 15-13, 5-0

ERKIAGA-DEL RIO vs JOHAN-LOPEZ: 15-9, 15-11

Giro ederra Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Harmailak ia beteta urteko bigarren Master Serieseko finalerdietan. Jaialdiko lehen partidan susto ederra eman zuten Ludovic Laduche getariarrak eta Gorka Mugartegi «Atain» markinarrak. Galtzeko ezer gutxirekin atera ziren kantxara, ausart eta boteretsu. Atainen kasuan seguru agertu zen atzeko koadroetan eta oso ondo eta indartsu errebesez. Aurrean berriz, errematera jo zuen Laduchek. Partiduko lehen tantua berak egin zuen, ustekabean txapa gainekoa botata. Goikoetxeak errebotean bi paretarekin erantzun zion baina lehen atsedenaldira urdinak heldu ziren aurretik (7-8). 

Deskantsuaren ondoren, Laduchek aurrean pilota bilatu, ezker horman salto egin eta txapa gainean utzi zuen suabe-suabe, lekeitiarren eta ingurukoen txalo-artean (7-9). Urdinak 10-12 eta 12-14 jarri ziren aurretik, Goikok eta Lekek 14-14 berdindu zuten baina seteko azken tantu piloteatua Laduchek bukatu zuen, suertez, bere erreboteak ezker horma ikutu eta pilota zabaldu egin baitzen. Hori bai, urdinek bota ezin dire bi txapa-gaineko ere bota zituzten, aurkariak arriskuan jarriz. Lehenengoa deskuiduz baina bigarrena ez. Kontuz jokaldi horiekin. 

Bigarren jokoan ere urdinak hasi ziren aurretik 0-3. Lekerikak bi horma-biko sartu zituen jarraian (2-3) baina Laduche eta Atain erosoago ari ziren jokatzen (3-7). Hala ere, aurrelari lapurtarrari «pasa» guztiak agortu zitzaizkion eta hor etorri zen gorrien goraldia. Goikoetxeak «arrankatu» egin zuen eta kantxan bera izan zen nagusi. 7-7 eta 8-8 berdindu ostean, abiada artu zuten gorriek. Zumaiarrak tanto bikaina egin zuen errebotean zabalera botata (11-8) eta horma-biko eder bat jarraian (12-8). Azken txanpan tanto batzuk egin zituen Laduchek, 14-13ra ere urbildu ziren baina azkenean seta gorri (15-13) eta desenpatera. Azken joko honetan, 5-0 nagusitu ziren Goikoetxea eta Lekerika eta asko kostata baina partida irabaztea lortu zuten.

Bigarren partiduan izen bat beste guztien gainetik. Aritz Erkiagarena. Bi horma-bikorekin eman zion hasiera partiduari eta 4-1 aurreratu ziren denbora gutxian. Johanek eta Lopezek 7garren kartoian lortu zuten berdinketa, 8na ere egin zuten baina berria hartu zuten aurrea gorriek. Nagusi lehengo setean, 15-9 irabazi. Eta bigarrenean ere antzera. 8-1 hasi ziren aurretik, 8-6 urreratu ziren urdinak, 12 eta 10ean egon ziren berdintzetik gertuen baina azkenean 15-11, garaipena Erkiaga eta Del Riorentzat. Gasteiztarra, beste behin, seguru eta ondo.

Datorren larunbatean jokatuko da finala. Bart jende ugari elkartu bada frontoian, datorren astean beste horrenbeste edo gehiago espero da!

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE