Lemuno. Garazi Mtnez Suarez argazkia
Naroa y Garazi Mtnez Suarez
STÈPHANE LEMOUNEAU (Lemuno)
1986-02-16, Bogota (Kolonbia)
Palmaresa:
2010eko Euskadiko Ligako banakako txapelduna.
2009ko Nafarroako banakako txapeldunordea.
2009ko Europako Kopako txapeldunordea.
Kanpotik ikusita, ematen du bat-bateko erabakia izan zela zure debutarena, baina, atzetik Asegarce-ren esku entrenamenduak egiten hilabeteak daramatzazu. Nola izan dira hilabete horiek?
Duela sei hilabete entrenatzen hasi nintzen Asegarcerekin, eta gero zortea izan nuen lesio bat izan zelako medio eta debutatzea erabaki zuten.
Buruz buruko promozio txapelketan egiten zenuen debuta. Erantzukizun gehiegi izan al zen, nahiago zenuke beste partiduren batekin hastea?
Berdin zitzaidan, edozein debut zaila da berez, niri txapelketa jolastea tokatu zitzaidan, baina ez dut uste beste edozein partidu baino zailagoa izan zenik.
Nolako itxaropena duzu profesionaletako etapa berri honekiko?
Ahalik eta denbora gehien egotea profesionaletan, ahalik eta maila hoberenean eta posible bada txapelaren bat irabaztea.
Helburu jakinen bat zehaztu al diozu zeure buruari?
Lehenengo mailan jolastea eta partiduak irabaztea.
Badakigu txikitan trinketean ibili zinela, baita karting-ean ere. Nola hasi zinen bi kirol horietan?
Izan nuen istripuaren ondorioz, lesio bat eduki nuen besoan. Ezin nuen beraz, pilotan jolasten jarraitu. Orduan, motokrosean aritzea erabaki nuen baina gurasoek ez zidatenez utzi eta karting munduan hasi nintzen.
Zerk egin zizun bi horiek utzi eta frontoian hastea, Bogotan jaio eta Lapurdin biziz gainera (non ez dagoen ohitura askorik ezker paretan aritzeko)?
Bietan ibili izan naiz 20 urteetara arte, orduan erabaki behar izan nuen, biak praktikatzeko denborarik ez nuelako. Ezinezkoa egiten zitzaidan 200 bat kilometro egitea kart karreran parte hartu eta hurrengo egunean pilotan jolasteko.
Zein ibilbide izan duzu ezker paretako pilotari gisa?
7-8 urterekin hasi nintzen jolasten, plaza librean eta frontoian batez ere. Trinketean ere aritu izan naiz, baina nahiago dut frontoia.
Nolabaiteko esfortzu berezia eskatu dizu pilotak profesional izatera heltzeko?
Asko entrenatu behar izan dut, eta entrenatzen jarraitzen dut, Asegarcerekin, eta zorte handia daukat oso maila handiko jendearekin jokatzeko aukera dudalako, eta horrek hobetzen laguntzen dit.
Eta zerbait berezirik eskaini al dizu pilota munduak?
Jolastean aurkaria errespetatzen ikasi dut.
Asegarce-ko iparraldeko pilotari bakarra zara. Zure ustez horrek erraztasuna edo zailtasuna suposatu dizu zure debutari begira?
Ez dut uste Iparraldeko pilotaria izateak eragina duenik, enpresak kontuan hartzen duena pilotari bakoitzaren maila delako.
Azken debutak ikusita, nagusia zarela esan genezake. Zein adin uste duzu dela ona profesionaletarako saltoa emateko?
Nire ustez, oso zaila da goiz debutatzea, ez txarra, baina bai zaila. Oraindik gauza asko dituzu ikasteko, indarra falta zaizu… Badirudi gaur egun pilotariak goiztiarrak direla baina nire ustez adinarekin bizitzaren beste ikuspegi bat hartzen duzu.
Profesionaletako ibilbidea txapelketa bat jolasten hasi duzu. Baina, afizionatuetan, zein txapelketa oroitzen duzu era berezian?
Diario Vasco eta Antiguo txapelketak.
Zure adinarekin debutatu ez duten mutikoei zer esango zenieke?
Niretzat garrantzitsuena pilotarekin disfrutatzea da, ez profesionaletara heltzeko, baizik eta pertsonalki aberastearen helburuarekin. Pilotari baten helburu bakarra profesionaletara heltzea bada, seguruenik ez du lortuko, presio handia suposatzen duelako. Presiorik gabe jolastean errezagoa da maila onean jolastea eta profesionaletara iristea.
Gaur egun, neskak ere ibiltzen dira pilota munduan (paleta goma eta paleta argentinarrean bereziki), zer iritzi duzu horiei buruz?
Iruditzen zait batez ere pala neska eta mutilentzako egokia dela, baina eskuz zailagoa iruditzen zait neskak jolastea. Hala ere, ongi iruditzen zait edozein modalitatetan parte hartzea.
Di-Da:
Pilotari bat: Olaizola II
Bikotekide bat: Patxi Ruiz
Txapelketa bat: Buruz burukoa
Partida bat: Debuta
Frontoi bat: Labrit
Mania bat: Asko dauzkat, adibidez, aldamioen azpitik ez pasatzea.