Ligaxkako korapiloa

Xalak esku-eskura dauka finalerako txartela, eta Olaizola II.ak nahikoa du bere partida irabaztea

IMANOL MAGRO / Berria

Lau t’erdiko txapelketa finalen atarian dagoen arren, oraindik finala nortzuk jokatuko duten erabakitzeke dago. Finalerdietako ligaxkako partida eta tanto korapiloa heldu den asteburuan askatuko da, Iruñean eta Donostian. Labriten, larunbatean, Patxi Ruizek eta Titinek jokatuko dute; finalean sartzeko aukera gutxien duten bi hautagaiak dira. Igandean, Atano III.enean, Xalak eta Olaizolak neurtuko dituzte indarrak. Ezuste handirik ezean, litekeena da igandeko partida finaleko aurrekaria izatea, Xala eta Olaizola baitira aukera gehien dituztenak. Hona hemen pilotari bakoitzak finalean sartzeko behar duen emaitza konbinazioa.

XALA

Nahikoa du Olaizolari hamar tanto egitea

Xala ligaxkako bi partidak irabazi dituen pilotari bakarra da, eta esku-eskura du finalerako txartela. Larunbatean Titinek Ruizi irabazten badio, Lekuinekoak finala jokatuko du. Aldiz, larunbatean Ruizek irabaziko balu, Olaizolari hamar tanto egitearekin nahikoa luke. Bi aukera hauetaz gain, Xalak aldeko hirugarren emaitza konbinazio berezi bat dauka: Titinek Ruizi hemeretzi tanto egingo balizkio, Olaizolaren aurkako 22-9koarekin ere, finalerako sailkatuko litzateke. Xalak ligaxkako beste hiru partaideen aurka joka lezake finalean.

OLAIZOLA II.a

Xalari irabazten badio finalerako sailkatuko da

Aimar Olaizolak bere etorkizunaren nondik norakoak erabaki ditzake. Iazko txapeldunak bere esku du finalerako txartela; horretarako igandeko partida irabazi beharko du. Xalari irabazten badio, bere kirol ibilbideko lau t’erdiko txapelketako hirugarren finala jokatuko du. Halere, irabaztea ez du guztiz beharrezkoa, galduagatik ere finalean sar daitekeelako. Xalaren aurka galtzen badu, eta Ruizek Titini zortzi tanto baino gutxiago egiten badizkio, goizuetarra finalean egongo da. Olaizola sailkatuko balitz, Xala edo Ruiz izango luke aurkari finalean.

PATXI RUIZ

Titini irabazi eta Xalaren mesedea itxaron behar du

Ruizek zail du finalerako sailkatzea. Olaizolaren aurkako balentriaren ostean, iragan larunbatean guztiz lokaztu baitzuen finalerako bidea. Ruizek finala jokatu nahi badu, lehenik eta behin Titini irabazi beharko dio. Bere partida irabazita, igandeko lehiak erabakiko du Lizarrakoa finalerako sailkatuko den edo ez. Finalean sartzeko Xalak Olaizolaren aurka irabazi beharko luke, edota Xalak hamar tanto baino gutxiago egin ditzan itxaron. Aukera horietaz gain, Ruizek aldeko hirugarren emaitza konbinazio bat dauka: Titinek hemezortzi tanto baino gutxiago egiten badizkio eta Xalak 22-9 galtzen badu, Lizarrakoak Olaizola izango luke aurkari finalean.

TITIN III.a

Ruiz zazpi tantotan utzi eta Xalak irabazi dezala itxaron

Titinek ia ezinezkoa du lau t’erdikoko bere hirugarren finala jokatzea. Halere, eta Ligaxkako lehen bi partidak galdu dituen arren, oraindik finalean sartzeko aukerak ditu. Titin finalean sartuko luketen emaitza konbinazioak, baina, oso zailak dira. Triziokoak zortzi tanto baino gutxiago jaso beharko lituzke Patxi Ruizen aurkako partidan, eta igandean Xalak Olaizolaren aurka irabazi beharko luke. Titin finalerako sailkatuko balitz, Xala izango litzateke bere aurkaria.

ZALAPARTA ADARRAGAN

Titinek oso hitz gogorrak izan ditu pilota hautatzailearentzat

Iragan igandean Aimar Olaizolaren aurka Adarragan galdu ostean, Titinek oso gogor kritikatu zuen Juan Mari Juaristi EPELeko pilota aukeratzailearen lana. «Piloten afera lotsagarria izan da, beti berdin gabiltza. Aukeratzaileak Aspekoei kalte egiten digu beti; bera da hanka sartzen duena. Guk, artean, burua eta galtzak jaitsi behar izaten ditugu, eta ni nazkatu naiz jada, hurrengoan beste batzuk jaitsi ditzatela». Agerpen berean, biharko aukeraketan pilotarik ez duela hautatuko aurreratu zuen: «Berak hauta ditzala; ni Labritera joango naiz baina ez dut pilotarik aukeratuko». Bere aldetik Juan Mari Juaristik ez zuen adierazpenik egin izan nahi, eta eman beharreko azalpenak eta iritziak EPELko buruen aurrean emango dituela esan zuen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE